Porno musikalizatua

"Pornografiaren musikalizazioa egiten duten zenbait artista sortu dira azken urteotan"

Gazteek pornografiarekin lehen harremana gero eta lehenago dutela dioten berriak astero ditugu entzungai eta errealitate honek kezka eragiten digu guraso, hezitzaile, sexologo eta beste eragile askori. Honi aurre egiteko era ezberdinak ditugu: ostrukarena egin, –nire seme-alabari sakelakorik ez diodanez erosi, ez duela nola ikusi pentsatuz–, sexuen heziketaren ardura ikastetxekoen esku utziz eta ikastetxean familiaren ardura dela pentsatuz… Eta pilota alde batetik bestera pasatzen dugun bitartean, nahita zein nahigabe, hitzak, irudiak eta estereotipo sexistak iristen joango zaizkie pornografiaren bidez. Pornografia komertzialaz ari gara, beste mota batzuk ez dira hain erraz eskuratzen.

Pornografiaren eraginez kontziente gaiari heltzen diogun horietan ere, bideo pornoak ditugu buruan eta horiek saihestu edo horien aurrean zer egin landuko dugu gazteekin. Baina badago ahaztu egiten zaigun zerbait: musika.

Musikak gazteen bizitzan garrantzi handikoa da eta azken urteotan badira pornografiaren musikalizazioa egiten duten zenbait artista. Guk asmatutako kontzeptu honek pornografiaren estereotipo berberak transmititzen dituen musika barne hartzen du. Emakumezkoen gorputzaren erabilera, bere desioa asetzeko emakumezkoak erabiltzen dituen enpatia gabeko gizona, sarketa hutsean oinarritutako harremanak, dirua arrakastaren seinale, emakumearen desio eza gizonaren asetzerako ez bada, emakumezkoen arteko konpetitibitate ezkorra, larrua jotzeaz besterik pentsatzen ez duten gizonak…

Pornografia komertzialean eta zenbait musika bideotan ikus/entzun dezakeguna antzekoa da eta landu beharreko eremu garrantzitsua dagoelaz ohartzea merezi du. Gure seme-alabek ez dute gure ondoan pornoa jarriko, baina musika bideoak ez al dituzte ikusten? Badakigu zer ikusten duten edo, musika denez, ez diogu atentziorik jartzen?

Ez dugu esango zenbait musika entzun eta ikustea debekatu behar denik, ez gara zentsuraren aldekoak. Bestelako gaietan bezala, pentsamendu kritikoa garatzen lagundu, sexismoa zer den erakutsi, bere gorputza eta burua baloratzen, onartzen eta errespetatzen lagundu eta beste pertsonak errespetatzen ikasi, bere eta besteon desioak kontutan izateko gaitasuna garatu, pertsonen arteko berdintasun harreman sortu… Hau da, sexuen heziketa egin beharko dugu: etxean, ikastetxean, zuzenean, zeharka eta profesionalen laguntzaz, hau baita bizitzarako tresnarik eraginkorrena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago