Izpi indartsuak

Andre Maria Zuriaren plazan egindako elkarretatzea. / Alea

"Jendarteak lehen momentutik argi izan duena ondorioztatzeko, instantzia ezberdinetatik pasa eta denbora luzea behar izan du Justiziak".

Azken asteetako berri garrantzitsuenetariko bat La manada-ren sententzia izan da. Hiru urte pasa dira bost gizonek sanferminetan neska bortxatu zutenetik, eta ordutik gazi-gozoak nahasiz joan dira. 

Jendarte ia osoak bortxaketa izan zen zalantza izpirik ez zuen bitartean, baziren neska horren bizimodua epaitu zutenak, bortxatzaileen abokatuak besteak beste. Bideoa ikusita pornografia eszena kitzikagarria deskribatzen zuten batzuk eta aldi berean milaka pertsonek kaleak hartu eta emakumeari elkartasuna adierazten genion. Justizia matxista eta zaharkitu batek bortxaketa ordez abusua zela esaten zuenean, gero eta feministagoa den jendarte honek hitza hartu eta ez genuela onartuko argi utzi zuen. 

Gorenak eraso eta bortxaketa onartu ditu, eta erasotzaileen zigorra handitu du. Jendarteak lehen momentutik argi izan duena ondorioztatzeko, instantzia ezberdinetatik pasa eta denbora luzea behar izan ditu Justiziak. Tamalgarria bada ere, ez zaio dohain aterako, urte hauetan eztabaida piztu, langileen prestakuntza beharra eta legeen berritzea agerian geratu delako, eta honek berrikuntzak ikuspegi feministatik, sexuen arteko berdintasunetik... eraikitzea ekarri beharko du. 

Azken epaiaren ondoren, sentsazio gazi-gozoak jarraitu du sareetan; askok justiziazko erabakia dela esan dute eta beste batzuk irain itzelak bota dizkiete, bereziki emakume batzuen kontrako komentario matxista eta misoginoak jaurtiz. 

Gazia presente dago gure artean. Emakume izateagatik erasotua denean norbait, bortxaketa batean erasotuari erruren bat egozten zaionean, bortxaketaren bideoa publiko egin ondoren erasotzaileak txalotu dituztenean, bortxatzeko asmoa aldez aurretik zutela jakitean, elkartasuna adierazi dutenak irainduak izatean... 

Gozoa askoz gehiago izan da, ordea. Emakume izateagatik ez duela inork erasorik jasan behar aldarrikatuz, emakume baten bizimoduak ez duela inoiz bortxaketa bat justifikatzen adieraziz, bortxatzaileak sozialki alboratuz, eta erasoak jasan dituzten emakume ororekin elkartasuna adieraziz... 

Balantzak alde batera jo du argi, eta eraldaketa geldiezina da. Egoera latz honen atzean, milaka pertsonek onena eman dute eta itxaropenerako izpiak ikusten dira.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago