"Nork daki sexualitateaz gehien?". Hori da 10-12 urte bitarteko talde batean egin nuen galdera. Guztiek bi pertsona seinalatu eta bi horiek bere burua aurkeztu zuten gehien zekitelakoan. Erabateko adostasuna.
Zintzoak izanez, erantzunak ez ninduen harritu, sexuen heziketa lehen saioan batzuen zein besteen jarrera ikusita.
Emaizek 25 urte beteko ditu laster sexuen heziketan lanean, eta talde honetan gertatutakoa ez da salbuespena, tamalez. Tamalez diot, sexualitatea eta sexualitate bezala ulertzen denak zerikusi gutxi dutelako oro har eta hau, orokortu ezin bada ere, ume eta gazteengan ikusten dugu helduon eredua jarraikiz doala.
Zertaz dakite gehien bi horiek? Pornoaz, praktika zehatz batzuetaz, fikzioaz eta helduon gozamenerako egindako materialaz. Hori al da sexualitateaz jakitea? Hori da ume batek sexualitatea positiboki bizitzeko behar duena?
Pornoa fantasia eta joko erotikoetan oinarritutako fikzioa da. Fantasiek eta joko erotikoek gure sexualitatearen zati txikia adierazten dute, eta hau "guztia" izango balitz hartzen dugunean, sexualitatearen oinarrizkoak alboraturik uzten ditugu. Zeinek egiten ditu joko erotiko horiek? Izaki sexudun batek. Norekin egiten ditu? Beste izaki sexudunekin. Zer izaki sexudun mota dira jokatzen duten pertsona horiek? Identitate, izaera, desioaren norabidea, rol batzuekin eroso…
Erotikoki jokatzen dugunean, egiten duguna nork egiten duen baino garrantzitsuagoa dela onartzen badugu, bakoitzak egiten duguna izango ginateke, ez bakoitza garena. Aditz eta hitz joko bat dirudien honek duen garrantzia hain handia da, zenbait aldiz irakurtzea mereziko lukeela.
Zer dela eta uste dute ume eta gazte batzuek sexualitatea praktikak besterik ez direla? Heldu askok koitoak, orgasmoak, zenbatekin egon garen… kontuan hartzen dugulako, baina ez nola sentitzen naizen, nire gorputza maite dudan, nire buruarekin gustura nagoen, gizarte rolekin eroso nagoen edo hautsi nahiko nituzkeen, nire fantasiak ezagutzen ditudan, zerk pizten duen nire desioa, gorputz erreakzioetan, sentipenetan… erreparatu dudan eta beste izaki sexudunek hau guztia ere badirela kontuan izan.
Sexualitateak barneratzen dituen altxor kopurua amaiezina da; horietaz, ordea, ez zaie ume eta gazte askori hitz egiten. Porno eta joko erotikoak badira maiz aurkitzen duten erreferente bakarra, helduok gara barnelana egin beharko dugunak.
Zer da guretzat sexualitatea? Zer dakigu sexualitateaz?