Sare sozialen garaian bizi gara eta denok erabiltzen ditugu lagun eta senitartekoekin komunikatzeko, ligatzeko eta enpresek gure lana aurkezteko.
Plataformek argitaratzen dituzten edukiak mingarriak izan ez daitezen zenbait iragazki jartzen dute eta sexualitateari hesiak jartzen dizkiote.
Emaizek hauetako zenbait sare erabiltzen ditu (Facebook, Youtube...) eta maiatzaren 20an hasiko den Sexualitate digitalak ikastaroa iragartzean, mezu hau jaso genuen: "Ez ditugu helduentzako zerbitzu edota produktuak, hala nola, sexualitatea hobetzeko artikuluak edota gai honekin erlazionaturiko zerbitzuak onartzen. Halaber, ez dugu sexuarekin zerikusia duten bideo eta argitalpenik onartzen. Mota honetako iragarkiek erreakzio negatiboak sor ditzakete ikusleengan".
Bai, gure ikastaroa helduentzako produktua da. Ikastaroak sexualitatea hobetzeko balio du, bai, gure haur eta gazteena bereziki. Ikastaro honek sexualitatearekin zerikusia du, noski. Ikastaro honek erreakzio negatiborik sortzen du?
Zein da zenbait plataformek eta Emaizek sexualitate bezala hartzen dutenaren arteko ezberdintasuna gure ikastaro honen argitaratzea oztopatzeko?
Kalean sexualitatea praktika erotiko gisa ulertzen da, bizpahiru lekutatik sarketa gisa, alegia. Sexologiarentzat (sexuen zientziarako), ordea, sexualitatea izaki sexudun gisa garatzeko bizitza osoko prozesua da; gorputzak, emozioak eta gozamenak, bizipenak, identitateak, gustuak, harremanak, joko erotikoak... elkarrekin egingo dute dantza pertsona bakar eta errepikaezinak sortuz.
Ezinezkoa da sexualitatea sare sozialetatik desagerraraztea. Plataforma horiek sortu eta erabiltzen dituzten pertsonak izaki sexudunak dira, identitatearekin, sentitzeko modu batekin, desioekin, ligatzeko gogoekin, interesekin, bizipenekin, sentsazio eta emozioekin, joko erotiko batzuetarako desioekin... finean, sexualitatearekin. Ez dago pertsona eta bere sexualitatea erdibitzerik.
Gizarteak, plano analogiko zein digitalean, sexualitatea zatitan mozten du parte txikienarekin geratuz: arriskuak, genitalak eta zenbait praktika erotiko. Horretarako ez da 50 ordutako ikastarorik behar, ezta sexologian aditurik ere.
Sexualitatea positiboan eta modu zabalean antzematen hasiz gero, izaki sexudun zoriontsuagoak izango gara eta gure haur eta gazteek zoriontasuna lor dezaten bidelagun bihurtuko gara. Mundu birtualean ere.