Naizen

Naizen elkarte berria aurkeztu dute. /Naizen

"Izena aldatu dute, izana mantenduz, eta aurrerantzean beren kabuz egingo dute hegan"

Urtarrilaren 26an Donostiako Antzoki Zaharrean Naizen elkarte berriaren aurkezpena egin zuten ordura arte Chrysallis Euskal Herriaren partaide izan zirenak. Lau urte eman dituzte Chrysallis-en euskal delegazio gisa, eta ehun bat familia lagundu dituzte bere trantsizioan.

Elkarte honek izugarrizko aldaketa lortu du gure gizartean denbora labur honetan. Transexualitate egoeran dauden adin txikikoak ezkutuko eta onartzeko zaila zen egoeran egotetik agerikoa eta onartua den errealitatean bizitzera pasatzen ari dira. Alua duten mutilak eta zakila duten neskak badirela ikasi dugu, emakumezko eta gizonezko ereduetatik harago joz biologiaren aniztasunetik hasita.

Emaizeko kideok egiten dugun sexuen heziketa saioetan identitatea eta rolak beti landu baditugu ere, Chrysallisek egin zuen kanpaina horrek lana erraztu digu etxe guztietara iristea lortu zuelako eta ume zein gazteak, irakasle zein gurasoak, honen inguruan interesa azaltzen hasi zirelako, honek ikasteko, ulertzeko eta onartzeko dakarren aukera guztiekin. Ikastetxe eta familietan "neska naiz, ez deitu Asier", "noiz ulertuko duzue mutila naizela?" eta horrelako esaldiak alboratzetik aintzat hartzeko pausua ematen ari da, eta ondorioz ume eta gazte askoren bizi kalitatea hobetzen ari da. Gurasoek badute laguntza non bilatu eta bidelagun izango dituzte Naizen elkartekoak.

Emaizek dituen helburu eta lan eremuen artean, transexualitate egoeretan bidelagun izatea du, baita ere; azken urteetan auzolanean aritu gara familia hauekin eta Naizen-ekin horretan jarraituko dugu. Gu ere Donostian egindako ekitaldian izan ginen, elkarteak gonbidatua. Ekitaldi hunkigarria, Ekai gogoan izan genuena: bera eta hainbat pertsonari esker, identitate sexuala genitaletan ez dagoen ideia zabaltzeko pauso handiak eman ditu gure gizarteak.

Bidearen etapa berri honi hasiera emateko egindako ekitaldia aparta izan zen. Komunikabide, kirol eta kulturako pertsona ezagunak izan ziren bertan, eta senitarteko eta elkarteko protagonistak diren neska eta mutilen testigantzak entzungai eta bizigai izan genituen. Guztion irudia eta hitza garrantzitsu eta beharrezkoa da, batzuen lekukotza eta besteen babesa, konpromisoa eta oihartzuna.

Hauetako aurpegi asko Nor Naiz? bideoan ikus ditzakegu. Karlos Argiñano, Edurne Pasaban eta Aritz Aduriz azaltzen dira, besteak beste. Hauen ostean "nor naiz?" erantzutean zalantzarik ez duten neska eta mutilak agertzen dira, eta hauen atzean gurasoak, bere seme-alabeek merezi duten bizi kalitatea bermatuz eta antzeko egoeran egon daitezkeenekin bere bizipenak partekatu eta laguntza emateko prest.

Izena aldatu dute izana mantenduz eta aurrerantzean beren kabuz egingo dute hegan. Emaizeko kideok bakoitzak bere burua ezagutu, onartu eta modu zoriontsuan adierazteko lanean jarraituko dugu. Hegaldi horien atzetik putz egiten izango gaituzue. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago