"Besteen faltak aurrean, norberarenak bizkarrean"

"Zer eramaten ditu gazteak koitoari ematen dioten garrantzia ematera eta ez bere gogo eta desioei jarraikiz egitera".

Gazteen harreman erotikoen inguruko datuen ikerketak erraz aurki ditzakegu. Lehen koitorako adina, hauen maiztasuna eta horren bitartez lortutako asetze maila neurtzen dira batik bat. Galdeketa erabat koitozentristak dira, desioak, bakoitzaren berezitasunak eta bestelako joko erotikoak aintzat hartzen ez dituztenak. Horietan erreparatuz gero "aurretikoak" bezala agertuko dira. "Aurre" aurrizkiak "lehen" esan nahi du, beraz egin ditzakegun bestelako jokoen inguruan galdetuko balute, koitoa aurreko beroketa ariketa gisa litzateke.

Ikerketa hauen emaitzak baloratzeko solasaldietan interpretazio bitxiak egiten dira: "gazteek koitoari garrantzia gehiegi ematen diete", "kopurua kalitatea baino gehiago baloratzen dute", "gero eta lehenago hasten dira", "uste baino gutxiago aldatu da gai honetan"…

Hau zalantzan jarri behar dugu, neurri batean behintzat. Gazteekin egunero sexualitateaz eta erotikaz gabiltzanok, lehen koitoaren aurreko espektatibak eta beldurrak azalarazten ditugu, bestelako jokoen inguruko hausnarketa errazten dugu, gizarteak bere gain egiten duen presioaren pisua eta nola aurre egin, besteengandik jasotzen duten eredua lantzen dugu beraiekin, besteak beste. Eta beraien desioak eta nahiak gizarteak eskatzen dienarekin bat ez datozela ikusten dugu askotan. Bai, hala da, beste pertsonekin harremanak izateko gogoa izan dezakete, baina agian ez besteek espero duten adinean edo moduan. Eta hemen dago koxka!

Zerk eramaten ditu gazteak koitoari eta "birjinitatea galdu" beharrari ematen dioten garrantzia ematera eta ez bere gogo eta desioei jarraikiz aritzera? Zergatik zenbatzen dituzte beraien harremanak trofeoak balira? Zergatik begiratzen diote erlojuari zenbat minutu iraun duten jakiteko gozamenez egon diren kontuan hartu ordez? Zergatik egiten dituzte "aurretikoak" eta ez elkarrekin jolastu?

Nahaspila honetatik ateratzea uste baino errazagoa da. Helduok erotika eredu zorrotza dugu gurean eta galdeketak helduok prestatzen ditugu guretzako garrantzitsuak diren "itemak" jarriz; horiei erantzuten diete besterik ez zaielako galdetu. Gazteei zuzenduriko komunikabide, etxe eta ikastetxetako heziketa, tailerrak eta bestelakoak helduok zuzentzen ditugu eta ezinbestean gure eredua transmititzen dugu; hortaz, hain harrigarria iruditzen zaigun gazteen erotika hori, gure erotikaren isla hutsa da. Erantzun ditzagun hauek ba!

Helduok koitoari bestelako praktikei baino garrantzia gehiago ematen diogu? Kopurua aintzat hartzen dugu? Eta maiztasuna? Gure ligeak zenbatzen ditugu? Koitoen luzapena erlojuan begiratzen dugu? Orgasmoak ezinbesteak zaizkigu? "Aurretikoak" edo joko erotikoak egiten ditugu?…

Bai andere-jaunak, hauxe da heldu askoren eredua. Koitoa praktika nagusitzat dugu eta orgasmoa bertan lortu behar den ideala. Beste guztia horren inguruan antolatzen dugu gure bizipen erotikoak mugatuz eta gazteei hori transmitituz.

Zelan erdigunean eta protagonista paperean gozamena jarriko bagenu?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago