Aldatzeko beharra

Erabiltzailearen aurpegia Emaize Sexologia Zentroa 2018ko urr. 30a, 17:40

Eredu guztien gainetik, edertasuna subjetiboa eta aldakorra da.

Ipurdi handiagoa izan nahiko zenuke, zabalagoa. Arraroa egiten zait esaten duzun hau, nire inguruko emakume gehienek kontrakoa nahi dutelako. Zure ipurdia txikia, muskulatua eta borobila da. Emakume askok holakoa nahiko lukete, eta pertsona askorengan desioa pizten duela ziur naiz. Baina nire ustez ipurdi perfektua dena, zure ustez itsusia da. 

Zure titi txikiak gustuko dituzu. Txikiak gustuko? Ez da ohikoa. Titi handiagoak nahiago lituzketen emakume asko ezagutzen ditut eta horretarako ehunka ebakuntza estetiko egiten dira. Emakume ideala aipatzean titi handiak aukeratzen dituzte hainbatek. Askorentzat gutxiegi dena, zuretzat ideala.

Ispilu aurrean jartzean itsusi ikusten duzu zure burua. Hanka politak, bizkar indartsua eta aurpegi izugarri ederra. Tripa txikiagoa bazenu, benetan liluragarria izango zinela uste duzu. Nik liluragarri ikusten zaitut, eta tripa ez zait deigarria iruditu zuk aipatu arte. Liluragarri, zu osorik.

Zuek guapak sentitzen zarete. Askoren begietara lodi, ispilu aurrean ederrak. Batzuek modu "sexyan" ezin zaretela jantzi diote, arropa estuegiak ez direlako zuentzat egokiak. Arropa estuekin, soineko luzez eta txandalarekin ikusi zaituztet. Beti erakargarri.

Eta zu polita zara, oso, irribarre egiten duzun bakoitzean mundua argitzen duzu. Baina argi horren aurrean itsu zaude eta zure aurpegiko tristurak gorputz eder hori ezkutatzen du, nahiz eta estu jantzi.

Afrikako emakume talde batean gorputzari buruzko ariketa baten osteko hausnarketa da hau. Giza talde guztiek bezala edertasun eredu baten presioa dute, eta beraien jaioterrikoa eta bertokoa nahastu arren, niri, europar eta euskaldun bezala, zenbait gauzek harritu egin naute.

Antzekotasunak baditugu ordea, bai jatorri anitzeko emakumeok, eta baita emakume eta gizonek ere. Gure gorputza begiratzen dugunean, gutxien gustuko dugunari lehentasuna ematen diogunean, zoragarria den beste guztia baliogabetu egiten dugu. Gizarteko edertasun eredua eta gure ingurukoek esaten digutena gutaz egiten dugun balorazioa markatuko dute, besteak beste. Baina badago askoz eragin handiago izan dezakeen faktorea: guk geure buruari esaten dioguna.

Ispilu aurrean jartzean nora begiratzen dut? Zertan jartzen dut atentzioa? Zer mezu ematen diot neure buruari?

Erakargarri sentitzen diren pertsona gehienek ez dute edertasun eredu zorrotzik betetzen. Bere burua modu positiboan baloratzen dute, bere nortasun eta gorputzarekin gustura sentituz, eta gustura sentitze hori islatzen dute besteon aurrean erakargarri suertatuz.

Eredu guztien gainetik, edertasuna subjektiboa eta aldakorra da. Arropa berarekin gaur guapa eta bihar itsusi ikus naiteke. Bi pertsonen aurrean egonda, batentzat nabarmentzen ez dudan norbait izango naiz eta bestearentzat zoragarria. 

Besteon begirada behar dugu, baina gure begirada ezinbestekoa zaigu elkarrekin bizi garelako nahitaez. Ederrak gara, sines dezagun! 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide