Gure osasun mentala besteen esku

Osasun mentalari buruzko jardunaldiak, Agurainen./ Emaize

"Nor da gaixoa? Askatasunez azaltzen dena edo beste guztiak epaitzen dituena?"

Osasun mentalari buruzko jardunaldien seigarren edizioa dugu hil honetan Agurainen. Lehen saioan sexualitate aniztasunaz aritu ziren, horien artean Emaizeko kide Ana Ramirez de Ocariz.

Munduko Osasun Elkarteak dioenez, ongizate fisikoa, mentala zein gizarte mailan izatea da osasuna eta ez soilik gaixotasun eza.

Transexualitate egoeran dauden pertsonen inguruko testigantzak izan genituen, ama eta irakasle bat, zehazki. Mutil aguraindar baten testigantza entzuteko aukera izan genuen, aluarekin jaio izanagatik mutil bezala identifikatzeko eta legez onartua izateko egin beharreko ibilbidearekin. Ingurukoen onarpena izan du Anderrek, baina psikiatren kontsultetatik pasa behar izatea gogorra izan da berarentzat. Mutila da, aluarekin jaiotako mutila, besterik ez. Zertarako behar zuen psikiatrarenera joan bera ondo bazegoen?

Mutila dela demostratzeko! Pertsona baten sentimendua beste guztiok egotzi diogun sexu-identitatearekin bat ez datorrenean, okertu garenak gu garela pentsatu ordez, oker dagoena bera dela sinesten dugulako. Paradoxikoa, norbanakoa baita sentitzen duena jakin dezakeen bakarra.

Normatibotasun baten barnean bizi gara, gehiengoetan oinarritutako normatibotasuna eta eskema itxi horretatik kanpo dagoen guztia arrarotzat hartzen dugu, gaixotzat. Hala gertatu da historikoki emakumeen eskubideak eskatzen hasi zirenekin, sexu berekoak desiratzen dituztenekin, aludun mutil zein zakildun neskekin eta genero roletatik at jantzi eta jokatzen dutenekin, besteak beste.  

Gizonek negar egiteko gogoa sentitu dute historian zehar, baina uko egin diote normatibotasun horretara egokitzeko. Bere sexu bereko pertsonak desiratzen dituztenak betidanik eta edonon izan dira, baina askok ezkutatu egin dute normatibotasunetik ateratzeak dauzkan ondorio kaltegarriengatik. Eta zakildun emakumeak zein aludun gizonak ez dira modaren produktu batzuk dioten bezala. Ondo dakigu munduko hamaika lekutan eta mendetan zehar jasotako errealitatea dela. Arazoak, diskriminazioa, espetxea eta isunak ekiditeko ezkutuan mantendu dute, normatibotasun horren izenean.

Dendetan legez, produktu batzuk jartzen ditugu erakusleihoetan, biltegian beste asko gordez. Pertsonaletan ere besteek onartuko dutena erakusten dugu eta arazo bilaka daitekeena biltegian gordeko dugu. Normatibotasunean jokatuko dugu gehienak berdintsuak garen irudi faltsua sortuz. Biltegikoa azalarazten duena arraro, ero edota gaixotzat jotzen du jendartearen parte batek eta errespetuz onartu ordez, sendatu beharrean psikiatrarenera bidaltzen du. 

Nor da gaixoa, askatasunez azaltzen dena besteak errespetatuz edo bere burua oinarri hartuz beste guztiak epaitzen dituena? Guztiak besteen zoriontasunaren giltzarri garela ez dezagun ahaztu

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago