Maitasuna bakarra balitz bezala ari gara maiz. Maitasuna sentitu, maiteminduta egon, maitasuna egin…
Sentitu, egon, egin. "Nik maite zaitut" esaten dudanean eta bueltan "nik ere" esaten didazunean, berdina sentitzen ari gara? Maiteminduta gaudela elkarri esaten diogunean, egon bagaude, baina nola gaude? Eta maitasuna egin dugunean, nola sentitu gara, nola egon gara elkarrekin eta zer egin dugu?
Zenbat esanahi ezberdin dugun hitz bakarrerako, eta, aldi berean, hitz bakarra zenbat gauza ezberdin adierazteko.
Batentzat maitasuna bizitza maite duen pertsona horren inguruan antolatzea bada, bestearentzat bere bizitzaren esparru bat pertsona horrekin konpartitzea izango da, beste esparruak besteentzako utziz.
Batzuek "maite zaitut" erraz esango dute eta beste batzuek denbora luzeko harremana beharko dute hau esateko. Batzuek ez dute inoiz esango, baina besarkada bakoitzean transmitituko dute sentitzen duten hori…
Honentzat maitasuna egitea koitoa izatearen sinonimoa den bitartean, harentzat laztanak, musuak eta elkarri ukitzea izango da maitasuna egitea, plazerra elkarrekin sentitzea, koitoarekin edo gabe.
Sexologook sexualitateetaz aritzen gara, pluralean, pertsona bakoitza berezia delako, eta, hortaz, baita bere sexualitatea ere. Emakume eta gizon izateko hamaika era daude, desioa piztu, sentitu eta adierazteko milaka, komunikatzeko hainbat, emozioak kudeatzeko anitzak…
Pertsona bakoitza modu batekoa bada, modu bakar eta berezian sentituko du. Pertsona guztiak aldatuz bagoaz bizitzan zehar, maitasunaz beharko duguna aldatuz joango da. Ez genuke maitasunetaz hitz egin beharko? Pluralean?
Hainbeste dira maitasunaren esanahiak zaila dela definitzea. Emakume talde batekin lanean ari nintzela maitasunaren gaia hasi ginen jorratzen eta emakume nigeriar batek zera esan zuen: "Bikotekide horrekin benetako maitasuna nuen aske sentitzen nintzelako".
Maitasuna askatasunarekin elkartzea polita izateaz gain, funtsezkoa da. Baina laranja erdiaren beharra, maite dugunean edozer barkatu behar dugula, maitasunaren bidez bikotekideaz gustuko ez duguna alda dezakegula, pertsona bakarrarekiko maitemintzea senti dezakegula… eta bestelako sinesmenek eragin handia dute gugan, eta horiek guztiak gatibu bihurtzen gaituzte gure bizitzako protagonistak gu izan ordez bestea bihurtzen dugulako.
Gizakiok ditugun oinarrizko beharren artean, askatasuna dagoela uste dut. Arrazoi askorengatik ez gara nahi bezain libre, baina maitasuna ez litzateke inoiz gartzeleroa izan beharko. Aske sentitzeko gure maitasun beharrekin koherenteak diren harreman motak sortu beharko ditugu, eta guretzako baliagarria dena ondokoarentzako baliagarria denaren ezberdina izango da. Izaerak, gorputzak, desioak, gustuak, maitasunak eta askatasunak uztartze-lanetan arituko gara gure maitatzeko moduak gozatzera eraman gaitzan.