Jan eta gozatu

"Beti jatetxe eta menu berdina jaten dugu ala dastatze-menura irekita gaude?".

Jatetxe bat aukeratzerakoan irizpide ezberdinak har ditzakegu kontuan: aldez aurretik egindako plana edo momentuan sortutakoa den, norekin jango dugun, bere gustuak, gureak, une berezia izango den, bazkari edo afari baterako den, izango dugun denbora eta besteren bat. 

Harreman erotikoak izango ditugunean antzeko irizpideak kontuan izatea gomendagarria litzateke. Batzuetan plana aldez aurretik egingo dugu eta izango dugun denbora zein elkartze erotikoan parte hartuko dugunon gustuak kontuan hartuz momentua mimoz prestatu ahalko dugu, gustatuko litzaigukeen giroa sortuz; jango duguna ordea, joko erotiko zehatzak, giroan sartuta aukera ditzakegu, ez dugu zertan menu itxia enkargatu beharrik. 

Bada aintzat har dezakegun irizpide bat zalantza sortzen didana: "momentu berezi bat izango da". Izan daiteke beste norbaitekin konpartitzen dugun bazkaria berezia ez izatea? 

Beste pertsonekin partekatzen dugun momentu oro ez al dira bereziak? Gustura sentitzea, irri egitea, gure kontu intimoak elkarbanatzea, emozio eta sentsazioak piztea... ez al dira arrazoi nahikoak momentu hori berezitzat jotzeko? 

Bikote edota lagunekin bazkaltzea berezia ez balitz, horretarako plana egingo genuke? 

Joko erotikoetan murgiltzearen arrazoiak zeintzuk izaten diren hausnartzera eramaten gaitu honek. Norbaitekin momentu berezi eta atsegina bizi nahi dugu edo plana gogorik gabe egiten dugu? Beti jatetxe eta menu berdina hartzen dugu edota dastatze-menura irekita gaude? 

Aurreko egunean hau da ikasle talde batekin adostu genuen menua: urdaiazpikoa, entsalada, xerra eta marrubiak. Proposamen guztien aurrean norbaitek gustuko zuen beste proposamena egin zuen, guztien aurrean jakiak gehitu zituenak egon ziren (xerra patatekin, marrubiak txokolatearekin,...); bakoitzaren desio eta gustu aniztasuna agerian geratu zen taldean. 

Erabateko adostasuna egon zen, baina nahiz eta askok menua gustuko izan, ez lukete nahiko egunero berdina jatea. 

Gose nagoenean jaten dut? Jaten dudana gustuko dut? Egun eta momentu zehatz horretako gogoen arabera aukeratu dut menua? Jaki berriak probatzera irekirik nago? 

Harreman erotikoak gogoa sentitzean izaten ditut? Egiten duguna gustuko dut? Nire uneko desioen arabera aukeratzen ditut jokoak? Eskema itxietatik ateratzen naiz noizbait? 

Jateak, gosea kentzeaz gain, sentsazio atseginak sorrarazten dizkigu eta hortik datoz mahaiaren inguruan egiten ditugun plan guztiak, plazeragatik egiten ditugu. Joko erotikoek, oinarrizko behar fisiologiko bat asetzeaz gain, dibertigarriak eta atseginak izatea dute helburu, edozein joko bezalaxe, plazeragatik jolasten dugu. 

Hala beharko luke arlo erotikoan ere. 

On egin dagizuela!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago