Zenbat eta nola?

"Zenbat koito astean? Zenbatetan orgasmoa? Zenbatekin liatu zara?..."

Pertsonen arteko elkartze erotikoetan koito kopurua, orgasmo kantitatea edota harremanak zenbat pertsonekin izaten ditugun zenbatzen dugunean, produktu bihurtu ditugu, garrantzia gozamenean eta ongizatean jarri ordez, emaitza itxi batean jartzen dugulako, kantitatean.

Elkartze erotikoen balorazioa irizpide hauen arabera egiteak zenbagarriak diren elementuak behar ditu, eta horretarako erosoena eskema konkretuen barnean mugitzea da, errazagoa izango baita gure bizitza erotikoa besteenarekin konparatzea. Zenbat koito astean? Zenbatetan orgasmoa? Zenbat pertsonarekin liatu zara azken boladan?...

Eskema honen barnean mugitzeak uste baino ondorio negatibo gehiago izan ditzake. Ez dugu barnean arakatzen gure desioak zeintzuk diren jakiteko, eta ezarritako ibilbidea jarraitzen dugu artaldeko beste ardiek bezala; ez dugu gozamena gure sentsazioen arabera baloratzen, eta harremantzen garen pertsonak, uneko bikoteak, zenbaki bihurtzeko arriskua dago. 

Gazteen artean jeloskortasuna handitzen ari da, ikerketek hori diote eta gelatan ikusten dugu. Ez naiz jarrera matxistez ari, nahiz eta askotan zaku horretan sartzen dugun bestelako hausnarketarik egin gabe.

Mesfidantzaz ari naiz. Gazteek harreman erotikoak kontsumitzen dituztenean, ez diete beti dagokien balioa ematen. Baina zer gertatzen da bereziki gustuko duten norbaitekin harremanak izaten hastean? Mamuak agertzen direla.

Bere bikote berezi horrentzat bera berezia izango ote? Agian bere aurreko harremanak bezalakoa da bera bestearentzat? Zenbaki bat? orgasmoak lortzeko tresna? Pentsamendu horiek beldurra ematen dute, auto-estimuan higidurak sortzen dituzte eta horren aurrean jeloskor senti daitezke. Eta sentitzen dira.

Bestelako emozioak bezala, jeloskortasunak funtzio adaptatiboa izan dezake eta emozio guztiak bezala, kudeatzen ikasi beharko dugu. Zer sentitzen dugun ezagutu, onartzen ikasi eta modu positiboan kudeatzen hasi. Gazte gehienek, ordea, ez dute hori egiten ikasi (ezta helduok ere), txikitan anai-arreba berrien jaiotzaren aurrean jeloskor sentitzean sentimendu txarra dela esaten diegu, ez dutela zertan hori sentitu behar, eta hori gurasoen aurrean ezkutatzen ikasten dute, nahiz eta beste aldetik eztanda egin dezakeen.

Nire bikotekidea beste batzuekin aurretik liatu bada eta niretzat bera berezia bada baina nik ez badut guztiz sentitzen berezia naizenik eta edozein egunetan beste batekin egongo delakoaren beldur banaiz, jeloskor jar naiteke. Eta zer egingo dut emozio horrekin inoiz ez badut kudeatzen ikasi?

Sufritu eta sufriarazi.

Hausnarketa honen harira bi gomendio: harremanei dagokien balioa eman beharko genieke kontsumo parametroetatik at, gure benetako desioetan oinarrituz eta emozioen kudeaketa landu txikitandik. 

Has gaitezen lanean, adin guztietan landu behar ditugulako bi hauek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago