Beste begirada bat

"Erotikak, desioak, elkartze erotikorako gogoak badu adinik? Gurean hala dirudi".

Garbi ikusteko betaurrekoak behar ditugu batzuk eta betaurrekoekin begiratuz gauzak garbi ikus ditzakegu. Aho-korapiloa askatzera noa!

Telebistan betaurrekoak saltzen dituen iragarki bat agertu eta hara non ikusten ditudan zenbait bikote elkartze erotikoan murgildurik. Elkartze erotikoaren xehetasunak ez dira ikusgai, publizistek ondo dakitenez, guztiok ulertu dugulako zer nahi duten edota zertan ibili diren.

Protagonista gehienak, zoritxarrez, hain modan dauden jubilatuen adinekoak dira. Adinduak izatea eta betaurrekoak erabiltzea? Ez da arraroa… Zergatik deitu zidan orduan arreta iragarki horrek? Jarrerak.

Erotikak, desioak, elkartze erotikorako gogoak, gorputzaz disfrutatzeko nahiak, bestearekiko grinak badu adinik? Gurean hala dirudi. Harreman erotikoak koitoaren eta, gehienez, bestelako sarketa moten sinonimotzat hartzen ditugu. Koitorako zakila tentetu behar da eta hori arazorik gabe emateko gizon gazteak izan behar direla uste dugu. Akats itzela adinduen gorputzek gaizki funtzionatzen dutela pentsatzea, eta izugarrizko akatsa gozatzeko koitoa ezinbestekoa dela pentsatzea.

Harreman erotikoek gorputzaren bidez disfrutatzeko helburua dute. Gozatze hori zein gorputz atalez eta zein laztan eta elkartze motaz lortzen den, jokoan ari diren pertsona horien unean-uneko desio, grina eta ezaugarrien araberakoa izango da. Eta iragarkiak hori transmititzen du, gozatze sentsazioa.

Estereotipoz jositako jendarte honetan irainak jasotzeko arrazoi izan diren betaurrekoak, elementu erotiko bihurtzen ditu eta protagonista erakargarriak gazteak izan ordez, emakume eta gizon adinduak dira.

Betaurreko marka honen iragarkietan murgilduz estereotipoak hausten dituzten pertsonak ikusiko dituzue: bikote adinduak, sexu bereko pertsonen bikoteak, aknez jositako gazteak, gorputz potolodunak, hanka ortopedikoa duen kirolaria, azal kolore anitzak… eta denak erakargarriak.

Erakargarri izatea ez da neurri, adin edo bestelako ezaugarri kontua, jarrera kontua baizik. Gure buruarekin gustura gaudenean, gure gorputza onartu eta maitatzen dugunean, gure balioa sinesten dugunean eta bizitza disfrutatzeko jarrera aktiboa dugunean, erakargarri sentituko gara eta erakargarriago agertuko gara besteen begietara.

Edertasun anitza ikusteko betaurrekoak jartzeko prest? Lehen aldia zure irudiari begirada berriaz so egiteko erreserbatu, ederra zara!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago