Begirada zabaldu

Erabiltzailearen aurpegia Emaize Sexologia Zentroa 2018ko mar. 1a, 11:12

"Garen hori ezkutuan eta zapaldurik mantendu, ala garen hori azaleratu".

Bi bide daudenean aukeran, asko izango gara bidegurutzean nora jo jakin gabe egongo garenak, deseroso sentituko gara egiten ari garen bidean, zenbaitetan gure izenean beste norbaitek erabaki zuelako bide hori edo guk aukeratutako bidea izanik ere, beste nonbaitera joateko bidezidorren baten beharra izango dugulako noizbait.

Sexualitatearen alorrean berdintsu jokatzen dugu. Emakume ala gizon, hetero ala homosexuala, maskulinoa ala femeninoa, zakildun mutila ala aludun neska, aktibo ala pasiboa, normala ala ez normala, guapoa ala itsusia, zintzoa ala emagaldua… hamaika pertsona etiketatu, hainbat bizitza zapuztu.

Bai, badakit hetero ala homosexuala esatean bisexuala ere aipa daitekeela, horrekin modernoak, toleranteak eta errespetuzko jarrera dugula bermatua balego. Gure kontzientzia zuritzeko nahikoa zaigu etiketa gehiago erabiltzea, baina sexualitatea modu askean eta positiboan bizitzeko nahikoa ote da?

Sexualitatea garatzeko gure burua ezagutu, onartu eta besteekin modu askean azaltzen ikasi beharko dugu. Garena ezagutzeko gure gorputza, emozio eta sentimenduak ezagutzea, gure jakinmina asetzea, informazio egokiak eskuratzea eta maitatuak sentitzea beharko dugu oinarri. Garena onartzeko, gure ingurunean onartua izan gaitezkeela sentitu beharko dugu. Posible al da binomioetan oinarrituta? 

Batzuetan asko eta bestetan ez dut ezertxo ere ligatzen, zer naiz? Harreman erotikoetan aktiboki jokatzen dut batzuetan, baina bestearen esku egotea gustuko dut ere, zer naiz? Ahots sakona, gorputz iletsua eta keinutan fina, zer naiz? Koitoarekin ez, baina masturbazioarekin pila gozatzen dut, zer naiz? Mutil sentitu baina alua dut, zer naiz? Gizona sentituz begiak margotzea gustuko dut, zer naiz?...

Galdera zerrenda amaigabea. Barrena begiratuta binomioen etiketetan islatua ez dagoen ezaugarri pila bat aurkituko dugu. Honetan bai, bi aukera besterik: etiketen menpe jarri, garena ezkutuan eta zapaldurik mantenduz ala garen hori azaleratu eta garen horren arabera harremandu besteekin. 

Hitz hauek bere buruaz beste egin zuen Ekai gazteari, sexu rolak apurtzen dituztenei, eskematik ateratzeagatik irainak jasaten dituztenei, edertasun eredu anitzak preziatzen dituztenei, koitoa desioei jarraikiz egiten dutenei, ligatzen dutenei eta nahi ez dutenei, bikotearen lentzeria jantzita gozatzen dutenei eta bizitza osoko bikote horren laztanek astintzen dutenari, diren moduan azaltzeko beldur sentitu direnei eta keinu txikiekin gizartearentzako pausu handiak eman dituztenei… zuei guztiei dedikatu nahi dizkizuegu Emaizeko sexologook. Zuengatik eta zuentzako egiten dugu lan egunero, zaretena ezagutu, onartu eta horren arabera besteekin harremantzeko, binomioekin hausteko, ulertua ez izateagatik inork sufritu ez dezan, bakoitza harro eta libre sentitzeko mundua nahi dugulako!

Ekain In Memoriam.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide