Ikastetxez ikastetxe aritzen gara Emaizeko sexologo zein Bertsozaleen elkartekoak eta zenbaitetan ikasleek Bertsogintza eta gero Sexogintza saioa dutela esan digute. Biek dute "-gintza", bakoitzak bere ezaguera, esperientzia, izaera eta gogoen arabera jardungo delako bertsotan eta baita sexualitatean ere, intimitatean, besteekiko harremanetan eta estereotipoen aurrean, besteak beste.
Azken hilean telebista, irrati eta sare sozialetan Maialen Lujanbiok Irunen botatako bertso bat hamaika aldiz entzuteko aukera izan dugu. "Dena ondo zihoan, argia piztu zen arte" emanda, hara abiatu zen bertsolaria elkartze erotiko bat kontatzera. Eta dena ondo zihoan argia piztu arte, momentu horretan bietako batek ez zituelako espero genitzakeen genitalak. Badira aludun mutilak eta zakildun neskak, nahikoa ezezaguna egiten zaigun errealitatea bada ere, azken urtean ongi ezagutzeko aukera izan dugun errealitatea da. Gogoan izango duzue ChrysallisEH-ren kanpaina eta autobus transfoboa.
Lujanbiok bertsoa botatzen zuen bitartean, saioko ikusleen aurpegi serioek emozio anitz azalarazten zituzten. Gaiarekiko sorpresa, egoerak barneratu dezaketen krudeltasuna eta ez-ulertzeak, transexualitate egoeran dauden pertsonekiko enpatia eta errespetua, aulkian jezarrita mantentzeko batzuen ezinegona… eta harreman erotikoarekin disfrutatzen jarraitzeko erabakiaren aurrean, txaloak eta jendea hunkiturik. Sexu identitatea bertsotan.
Maddalen Arzallusek sexualitatearen beste ildo bat jorratu zuen. "Dena ondo zihoan, argia piztu zen arte" une horretan gure gorputza agerian geratuko delako eta honekin batera gure konplexuak. Gorputza bertsotan.
Gorputza tentazio eta debekua bihurtu zuen Elizak, arimari eusteko euskarritzat hartu zuen Platonek, lanean aritzeko tresna bezala industralizazioak eta besteen aurrean gure aurkezpen txartel bezala gaur egun. Inoiz ez diogu gorputzari dagokion berezko garrantzia eman.
Gorputza munduan egoteko dugun baliabidea da. Gorpuzdunak jaio, gorpuzdunak izan, gorputzarekin ekin, gorputzean sentitu eta gorputzarekin harremandu. Asko ematen digu eta ordainetan baliogabetzea eta konplexuak bueltatzen dizkiogu.
Zergatik elkartze erotikoetan izaretan eta iluntasunean ezkutatu gure gorputza? Egoera horretan gozatzeko eta gozarazteko funtziorik betetzen al du? Laztandu, musukatu, azalen arteko kontaktua sortu eta gozatu ahal badugu, zer da ezkutatu behar duguna? Gure edertasuna?
Edertasuna gustuko dugun musika bezain subjektiboa da. Rocka, klasikoa, reggaetona… pertsonen eta momentuaren arabera suertatuko da egoki, baina modan dauden kantak behin eta berriz entzungai ditugu irrati eta tabernetan, eta doinua barneratzen dugu gurea egin arte.
Eder izateko modu anitz ditugu eta bakoitzarentzat erakargarriak diren pertsona zein ezaugarriak subjektiboak dira, edertasun estereotipoen doinua barneratua dugu, ordea, eta horien arabera egiten dugu dantzan.
Bertsogintzan batzuk dira jaioak, Sexogintzan denok dugu zeregina. Gure gorputza maitatzen hastea lehen pausu ederra litzateke.