Abizenetan galdurik

Agurainen izandako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea. /Alea

"Hainbeste abizen jartzen dizkiegunean erasoei, arazoaren fokua blaitu egiten da".

Uda joan zaigu eta berarekin gure herrietako jaiak. Algara, musika eta lagunen artean eguna eta gaua gozatuz eman dugun bitartean, badira iluntasuna erasotzeko aprobetxatu duten gizon batzuk. Ezagutu dugun azkenetariko bat Aguraingo jaietan. 

Ohikoa da komunikabideetan eta kalean eraso sexista eta sexu-erasoak bereiztea. Edonolako konponente erotikoa badago, sexu-eraso bezala etiketatzen dugu. Sexua emakume edota gizon sentitzea bada ere, gure jendartean sexua harreman erotikoen sinonimotzat hartzen dugu askotan. Erotikak gure desioekin zerikusia du, gure kitzikapenarekin, gure gogoekin. Sexu-erasoetaz ari garenean erasotzailearen desioa hartzen ari gara kontuan. Gizon batek neska gazte bati erasotu dio bere gorputza ikutuz, genitalak bere kontra igurtziz edota bere zakila neskaren barruan sartuz. Gizon horrek desioa sentitu du, baina ez du modu egokian kudeatu eta erasotu dio. Neskaren desioa, aldiz, ez da kontuan izan. Berak ez zuen horrelako harremana izateko gogorik. Beraz, sexuala gehitzea ba al du zentzurik?

Bestetik, hausnarketa bat egitea ezinbestekoa zaigu: horrelako erasoek badute sexismo eta matxismoarekin zerikusirik? 

Historikoki gizonei desio erotikoa eta disfrutatzeko eskubidea onartu zaie, bestearengan erreparatu gabe. Emakumeei ezetz esaten irakatsi zaie. Ez desioa sentitzeari, ez desioa adierazteari, ez harreman erotikoak izateko gogoari, ez norbaitekin liatzeko proposamenari. Ez berez dagozkion eskubideei.

Azken hamarkadetan premia eta mezu berriak sortu dira. Gizonei, bere desioez aparte, bestearenak errespetatzea eskatu zaie, bestearekin negoziatzen eta ezezkoak onartzen ikasi behar izan dute. Emakumeek desioa sentitzeko, adierazteko eta harreman erotiko libreak izateko eskubidea irabazi dute eta horrek ez eta bai esaten ikastea ekarri die.

Askok gure eginbehar berriei ekin diegu eta horrek guztiontzako errespetua eta ongizatea ekarri du gurera. Baina badira aintzinako parametro eta estereotipoen arabera jokatzen dutenak oraindik, jokaera sexistak berretsiz eta mantenduz.

Jokaera horien oinarrian estereotipo sexualez gainera, gizonaren desio eta nahiei lehentasuna ematen zaienean, matxismoaz ari gara, bi sexuetako pertsonak ez direlako maila eta eskubide berdinen fokuan jartzen.

Udako jaietan izan ditugun kasuek oinarrizko elementu hauek izan dituzte. Erasotzailea gizona, erasotua emakumea. Negoziaziorik ez. Gizon desiatzaileak emakumearen ezetzari errespeturik ez. Gizonaren desio eta nahiak, emakumearen desio eta nahien aurrean lehentasuna izan du, emakumeak errepresioa eta erasoa jasan duelarik. Eraso hauek sexualak, sexistak ala matxistak bezala izendatuko zenituzke?

Hainbeste abizen jartzen dizkiegunean erasoei, arazoaren fokua blaitu egiten dugu. Emakumeei erasotzeko modu ezberdinak daude, baina denek dute oinarrian emakumeen diskriminazioa, eskubideen urraketa eta oldarkeria. Matxismoa.

Emakumeekiko erasoek guztiei egiten digute min. Erasoen aurrean gure erantzunez, mundua aldatzea lortzen ari gara. Ez etsi!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago