Internet ezinbestekoa dugu, are gehiago ume eta gazteek. Helduontzako lan, aisialdi eta harremanetarako tresna den bitartean, eurentzako identitatea eta nortasuna garatzeko baliabidea ere bada.
Garapena bizitza osoko prozesua da eta faktore anitzek hartuko dute parte, inguruko pertsonekin sortutako harremanek eta ingurutik ikasitakoak, besteak beste.
Identitate eta nortasunaren funtsak haurtzaro zein gazterian errotzen dira, eta horiek izango dira gure harremanetan euskarri. Hortaz, urte hauetan jasoko duten heziketak garrantzia itzela izango du. Guztiok gara hezitzaile, gure ekintza eta hitzekin mezuak transmititzen dizkiegulako. Guraso, irakasle, begirale, kazetari…, pertsonen identitate sozial eta banakoa elkar garatzen dugu.
Egun, hezitzaile berria dugu jokoan: internet. Bertan, haur eta gazteen jakin-mina, nahiak eta beharrak asetuko dituzten edukiak eta app-ak aurkituko dituzte aise. Bertan informazio erreal eta faltsuak jasoko dituzte, nahiko ez genituzkeen bideoak eta bizitza munduarekin partekatzeko eredu desegokiak ikas ditzakete.
Honek beldurtu eta kezkatzen gaitu. Etxeko tablet eta ordenagailuan filtroak jarriz, sakelakorik ez erosiz, lagunen whatsapp-taldean gure telefono zenbakiaren bitartez aritzeko aukera emanez, sare sozialetan guk kontuak irekiz…, Kontrola dezakegu jasoko duena? Beti izango da mugikorra duen laguna, wifia duen lekua eta ezinbestez agertuko den "helduontzako" iragarki bat.
Guk bere adinaren arabera eduki egokiak deritzogunak erraztuko dizkiogu, desegokiak saihesten ditugun bitartean. Heziketa, ordea, ez da soilik edukiak irakastea, egoera berrien aurrean erantzuteko gaitasuna garatzen laguntzea baizik.
Antzematen badute guretzat Youtube, Instagram eta abar deabrua direla, hor aurkitu eta egingo dituztenak konpartitzeko beldurra izango dute, deabruarengana jotzeagatik errieta aurreikusiz.
Interneten aukera guztiak txartzat jotzea gure ez jakintasunaren ondorio da. Internet tresna da, eta alde txarra erabileran datza. Sakeleko telefonoak selfieak egiteko aukera izatea txarra da? Batzuk lekua aukeratzean ez dute arriskua ondo neurtu, beraz, tresna ez dute ondo erabili. Whatsapp-aren bitartez bullying-a jasan dute batzuek. Ardura whatsapparena ote?
Xerra jatean labana erabiltzen irakasten diegu txikitan umeei. Batzuk zauritzeko edo hiltzeko erabili arren, guk aukera erreal eta positiboa eskaintzen diegu. Teknologia erabiltzen irakasten diegu? Badugu beharrezko informazio eta abilezia internetek eskaintzen dizkigun tresnak erabiltzeko? Hortaz, irakatsi dezakegu?
Haur eta gazteak arriskuetan hezi ordez, erabilera positiboan heziko bagenitu? Hori da EnredA2 tailerren helburua, Emaize Zentroa, Sexagerian eta Aldundiaren eskutik. Gazte, familia eta hezitzaileentzako moduluak daude, eta aurten online egiteko aukera dugu hezitzaile lanetan dihardugun guztiok.
Gazteak aukeretan garatzen lagundu nahi? Urriaren erdialdean aukera paregabea izango dugu gure ezjakintasun eta beldurrak gainditzeko. Informazioa EnredA2-en facebook-ean eta izen-emateak sexagerian@gmail.com helbidean.