Txoriak kaiolan bizi nahi du?

"Nola jartzen ditugu bikote oinarriak? Berdina espero eta eskatzen diogu bikote harremanari?".

Berriak irakurtzen, korrupzio eta zorigaitz albisteen artean, bitxikeriak ere aurki daitezke maiz. Hurrengo honek aho betez utzi ninduen, sinestu ezinik: gizon batek banketxe bat lapurtu zuen, eta polizien zain geratu zen. Kartzelara joan nahi du bere emaztearekin bizitzen ez jarraitzeko. 

Batek daki hau egia den edo ez, baina bikote harremanak zein puntutaraino kaiola bihur daitezkeen pentsatzera eraman nau.

Bikote harremanak modu askotan eraiki badaitezke ere, badira gure gizartean askotan errepikatzen ditugun patroiak, batzuetan kontzienteki erabakita eta beste askotan ohitura-lasterrak eramanda, gure desio eta beharrei erreparatu gabe, gure bikotekidearekin kontrasterik egin gabe.

Honen adibide arrunta fideltasuna da. Gorde beharreko zerbait bezala barneratuta dugu gehienok. Gorde ezean, haserreari eta etsipenari, besteari eskatutako azalpenak gehituko zaizkio. Fideltasuna gorde ez dugunak gu izanda, erruduntasuna izan daiteke sentimendu nagusia. Eta zer da fideltasun eza? Harreman erotiko bat izatea beste pertsona batekin, sare sozialen bidez lakrikunkeriatan ibiltzea, pornografia ikusten masturbatzea, kaletik pasatzen den norbait desioz begiratzea…?

Askotan halakoak entzuten ditugu: fideltasuna garrantzitsua da bikoteentzat. Zenbatek, ordea, hitz egin dugu honetaz ondoan dugun pertsonarekin? Ados gara baieztapen honekin? Hala izanda, zer da niretzat fideltasuna? Eta zuretzat?

Berdina planteatu dezakegu beste alderdi askorekin. Nola jartzen ditugu bikote oinarriak? Berdina espero eta eskatzen diogu bikote harremanari? Zer da gure bikotekidearekin partekatu nahi duguna eta zer ez? Zeintzuk dira niretzat harreman batean oinarrizko balioak? Eta zureak, berdinak dira? Maitasuna amaituta edo gustura ez bagaude banatu edo harremana mantentzearen alde nago? Eta zu?…

Ez da ohikoa izaten bikote harreman bat hastean gutxieneko oinarri batzuk jartzea eta bidea elkarrekin egiten joaten gara, momentuko egoeretara moldatuz, elkarrengandik ikasiz. Hau prozesu polita da, berez, eta elkarrekin sortzen denak balio handia du.

Hala ere, ezin dugu ahaztu elkarrekiko bide horri ekiterakoan, bakoitzak bere motxila balio, sinesmen, ilusioz eta itxaropenez beteta daramala. 

Maitasunaren ideala, harreman erotikoen ideala, denbora librea partekatzeko ideala, elkar ulertzearen ideala, bikotearen iraupenaren ideala… gure barne ditugu eta harremana aurrera doanean idealak errealitatearekin talka egingo du askotan. Nire ideala eta zurea berdina ez delako. Niretzat ezinbestekoa dena, zuretzat ez duelako garrantzirik. Niretzat tontakeria dena, zuri min ematen dizulako. Gertatu dena espero genuena ez delako.

Harremanak gozatzeko, ondo sentitzeko, elkarri laguntzeko eta elkar disfrutatzeko dira. Familia harremanak, lagun harremanak eta noski, baita bikote harremanak ere. Horretarako zer nahi dugun hausnartu behar dugu, eta horren arabera gure akordioak egin; hegorik gabe bizitzea, kaiolan bizitzea bezala baita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago