Segidak apurtu!

Erabiltzailearen aurpegia Emaize Sexologia Zentroa 2017ko mai. 11a, 17:24
Plazera ez dago joko erotiko batean; edozein praktika eginez lor daiteke. / Alea

"Erotikan ez dago mailarik, ez dago hobeagorik, ez dago eredu bakar bat, ez dago lehen aldi bat".

Musukatu, elkar laztandu eta genitalak ukitu baditut harreman erotikoak izan ditut?". Hau da sexualitate klasea amaitzean neska gazte batek egin zuen galdera. Zein da honi dagokion erantzuna? Gehiengoak ezetz esango luke.

Estatistiketan lehen harreman erotikoaren adina galdetzean gure lehen koitoaz ari dira galdezka, inoiz ez gure lehen musuaz, masturbazioaz edo lehen aldiz beste norbaiten zakila edo alua ukitu genuen egun hartaz. Antza, koitoa da balioa duen bakarra.Harreman erotiko "osoak" aipatzen dira zenbaitetan, gaitzerdi, gutxienez koitoaz gain egin ditzakegun horiek aintzat hartzen dira, baina bigarren mailakoak bailira, koitoa lehenetsiz.

Eta badugu askatasunaren diskurtsoa, zeinean bakoitzak gura dituen praktikak egiten dituen, presiorik gabe, modernoagoak garelako… Diskurtsoa diot eta ez errealitatea, azken hamarkadetan betebehar sozial batzuk gainditu ditugulako, baina berriak sortu ere. Ez hori bakarrik, bada harreman erotikoetan etengabe errepikatzen dugun segida bat, adin guztietako eta ia mota guztietako bikoteek errepikatzen duten segida da. 

Norbaitekin liatzean, enrollatzean, harremantzean,… (adinen arabera hitza aldatuko da) zein da lehen kontaktua? eta ondoren? ostean?…; segida amaitu arte jarraitu. 

Erotikan berritzailea den baten bat izango dugu irakurle, baina ziurrenik gehiengoek egindako segida hau izan da: begiradak, musuak, musu sakonagoak, laztanak gorputzean, genitalak ukitu, genitalen ahozko laztanak (ez pertsona guztiek)-, penetrazioa, musu eta laztan arinak, amaiera (lo, erre, jan, dutxa…). Aldaketa txikiren bat egon daiteke, baina funtsean berdintsua.

Sexualitatea lantzeko saioetan adin eta belaunaldi ezberdinetako pertsonekin segida berdina atera ohi da eta hainbestetan errepikatzea ez da kasualitatea. Gure erotika oso koitozentrikoa da, penetrazioa beste edozein praktika baino garrantzitsuago bezala antzematen dugu, plazer gehien ematen duena, bikotearekin gehien batzen gaituena…

Egia al da hori? Plazera ez dago joko erotiko konkretu batean, joko hori egiteko motibazioan, gogoan, bikotearekiko atrakzioan, gure kitzikapenean eta gozamenean baizik, eta edozein praktika eginez lor dezakegu.

Erotikan ez dago mailarik, ez dago hobeagorik, ez dago segida eredu bakar bat, ez dago lehen aldi bat. Hori ulertu, onartu eta barneratzen dugunean, gure harreman erotikoak benetako askatasunez bizi ahalko ditugu. Zer erantzungo zenioke orain?

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide