Etxean ezin, ihes egin

Homosexualitatea delitu moduan dute hainbat herrialdek. / Peter Tatchell Foundation

"78 estatuk dute homosexualitatea delitu bezala, horientzako zigorra isunak, heriotz-zigorra...".

Migrazioa eta errefuxiatuak eguneroko gaiak dira gurean. Gerretatik ihesi, goseak akatuta, arrazakeria erasoengatik, erlijio diskriminaziotik… ospa eginez uzten dute etxea, egoerak behartuta, bizi duintasun minimo baten bila. Migrazio mugimendu eta arrazoi hauen berri badugu, nahiz eta askotan beste aldera begiratzen dugun. Badira, ordea, aipatzen ez diren argudioak eta izan badira, hala nola, sexu identitate (transexualak, queer…) edota desioaren orientabideagatik (homosexualak, bisexualak…) jasandako eskubide urraketagatik emandako migrazioak. LGTB kolektiboak nonahi oztopoei aurre egin behar badie, are gehiago munduko zenbait lekutan. 

Homosexualitatea adibidetzat hartuko dugu; beste aukeren ezikusia hainbestekoa da beraien kontrako legeak ere ez dituztela asmatu. Gaur egun 78 estatuk dute homosexualitatea delitu bezala bere legedian, horientzako zigorra isunak, kartzela eta heriotza-zigorra direla tokian toki. Gehienak Asia eta Afrikan daude, baina AEBetako zenbait estatuk eta Errusiak ere zigortzen dute. Honi jendarte zibilak eragindako erasoak (diskriminazioak, lanetik bota, jipoiak…) gehituz gero, homosexuala izanda ihes egitea baino aukera hobeagorik bilatzea zaila da.

Eta nora joan? Senitartetik atera eta beste etxebizitzaren bila joaten dira batzuk, familiak etxea uztera behartuta. Herri txikietatik hirietarako mugimendua egiten dute beste batzuk, baita gurean ere, hirietan askatasun edo gutxienez tolerantzia maila handiagoa aurkitzen dutelako maiz. Eta abernua baino hobea izan daitekeen edonora egoera larrienak bizi dituzten horiek. Europa eta AEBetako zenbait leku izaten dira amestutako paradisuak, nahiz eta homosexualentzako eskubideen paradisutik hurbilen dagoena Australia den. Askatasun bila hesien gainetik pasako dira zenbait tokitara iritsi ahal izateko, legez kanpoko pertsonak bilakatuko dira (horrek dakarren guztiarekin) eta gobernuek errefuxiatu eskaerari ezezkoa emango diete, Espainiako Gobernuak kamerundar bati egin bezala, bere arrazoiak "sinesgaitz eta urriak" zirela argudiatuz, jipoitua izan eta bere bikotekidea zen gizona hiltzea baino gehiago behar da, hori bai sinesgaitza! 

Edozein migratzaile bezala, duintasunez bizitzea bilatzen dute. Pertsonen nortasuna, identitatea, sentimenduak, desioak eta askatasun eskubideak urratuz, emakume eta gizon horiek ezingo dute bere bizi proiektua garatu, errespeturik gabe ez dagoelako askatasunik.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago