Gure gizarte honetan guraso izatearen zailtasunak nabarmentzea zaila da. Umea besoetan hartzean erditzearen ostean min, beldur eta ondoez guztiak desagertuko zaizkigula dirudi. Agian espektatiba handiegiak, ezta?
Gauzak izugarri aldatzen dira umea izandakoan: gorputza, hormonak, bikote harremana (izanez gero), harreman erotikoak, autoestimua,… Faktore ezberdinek erditze eta erdiondoko bizipenetan eragina handia dute. Gure aurreko artikuluan erditzearen bizipena modu zoriontsuago batean izateko gako batzuk ematen genituen, eragina izango baitu haurdunaldia nola bizi dugun erditze ondoko bizipenean.
Nahitaez gorputza aldatuko zaigu eta gizarteak erakusten digun edertasun eredua ez dator bat aldaketa hauekin. Are gehiago aldizkari eta telebista saioetan agertzen diren emakume famatu horiek ikusten baditugu: ospitaletik jaioberriekin besoetan irteten direla, harro erakusten dizkiguten gorputz moldatu eta modelatu horiek desiragarri eta posible bezala barneratzen ditugu. Izan dugun erditzearen arabera, beste aldaketa fisiko batzuk ere izango ditugu: zoru pelbikoaren ahultasuna, orbainak, hemorroideak… Ez da erraza begi onez eta samurtasunez bizi berria sortu eta erditu duten gure gorputz aldatu horiek begiratzea. Bestetik, emakumeak bere burua zaintzeko eta apaintzeko denborarik apenas dauka, eta honek autoestimua jaisteko aukera ere ematen du.
Hormonen aldaketak ere eragina dauka gure sentsazioetan: estrogenoak jaitsiko dira tristura areagotuz, prolaktinak gora egingo du eta testosteronen beherakada izango du desio erotikoa jaitsiz kasu askotan. Horri nekea lotzen badiogu, sentimendu anbibalenteak izatea erraza da: alde batetik pozik, bestetik triste. Guztiz normala, baina ama izatea munduko gauzarik politena dela uste badugu eta pozik egon behar garela barneratuta badugu… izan beharreko ama ez garela senti dezakegu, eta honek aldi berean bizipena okertu dezake.
Bikotea izatekotan, aldaketak ere izango dira: une horretara arte aurrez ikusi ez ziren nahiak eta beharrak agertzen dira. Maitasunaren beharrak desberdinak dira, bikote harremanean segurtasuna finkatzen duten maitasun erakustaldi gehiago eskatzen baitira.
Pertsona, bikote, familia bakoitza bakarrak eta errepikaezinak gara. Bakoitzak geure moduak eta bizipenak ditugu, eta ez dago modu hoberik ala okerragorik; beraz, "izan behar" horiek (haurdunaldia nola bizi, nola erditu, titia eman ala ez, lo non egin, negar egiten duenean nola jokatu…) alde batera utzi eta gure barneko beharrak behatzeak ikaragarri lagundu ahal digute.
Osasuneko zerbitzu publikoetan erditzerako prestaketarako ikastaroak eskaintzen dituzte. Baina zer gertatzen da erditu ostean? Arlo hauek lantzea beharrezkoa iruditzen zaigu, gure osasuna eta ongizaterako ezinbestekoa baita.