Bai, larrua jotzen dugu!

Argazkia: "Yes, we fuck" dokumentalaren irudi bat

Gaurkoan fantasia lantzeko ariketa txiki batekin hasiko gara. Hortaz, hurrengo paragrafoa lasai irakurri eta irudimena jorratzeko minutu batzuk eskaini zure buruari. Prest? Goazen ba!

"Bultzatzen den erotika gaztetasunean eta edertasun zehatz batean oinarritzen da, genitalen inguruan antolatzen dena, hedonista, maskulinoa, heterosexuala".

Armairu baten barruan zaude. Badakit, bai. Arraro samarra ematen du, baina lasai, ez zaitez agobiatu, denboratxo bat bertan egon zaitezke, airea sobera dago, eta gainera armairuak duen zulo txikitik gela osoa ikusten duzu. Hara…  Badirudi bi pertsona sartu direla... Kitzikatuta daudela ematen du. Giroa oso bero dago… Zer gertatuko da hurrengo minutuetan? Seguru aski gelaren erdian ohe bat kokatu duzu, ez ala? Eta, beharbada, neska eta mutil bat imajinatu dituzu? Agian musuak ematen hasi dira, eta gero ohean etzan eta koito batekin bukatu da dena? Kondoirik ba al zegoen?

Erotika hegemonikoak bultzatuta, horren inguruko imajinario txiki eta mugatua daukagu. Egun, pornografiatik ateratzen ditugu ideia eta jokabide gehienak. Batik bat, bultzatzen den erotika gaztetasunean eta edertasun zehatz batean oinarritutakoa da, genitalen eta ugalketaren inguruan antolatzen dena, hedonista, maskulinoa, heterosexuala, kuantitatiboa…

Yes, we fuck! (bai, larrua jotzen dugu!). Izenburu horrekin, aniztasun funtzionala duten pertsonen sexualitateari buruzko ikus-entzunezkoa ikusi genuen aurreko batean. Zuzendariek azaldu duten moduan, bereziki aniztasun funtzionala duten pertsonen harreman erotikoak aztertzea dute helburu. Iruditeri berri bat sortu nahi dute, konplexurik gabe, zentsurarik gabe, aurreiritzirik gabe eta diskriminaziorik gabe harreman erotikoez disfrutatzeko aukera jasoko duena.

Mugen ordez, aukerak

Askotan, aniztasun funtzionala duten pertsonak desiorik gabekoak eta harreman erotikorik gabekoak direla uste dugu. Baina, sexuatuak diren heinean, gorputzak atsegingarriak, desiratzaileak eta desiragarriak dira. Bizi dituzten zailtasunek erotikaren ateak irekitzen dizkiete maiz, miatzeko, gauza txikiez gozatzeko… Batzuk mugak ikusten dituzten lekuan, besteek aukerak baino ez dituzte topatzen. 

Noiz izan zen laztan bat entzun zenuen azken aldia? Edo atzamarrek lepotik egiten duten ibilbidea sentitzeko begiak itxi zenituen azken eguna? Orain dela zenbat ez duzu zure jolaskidearen ilea usaindu? Hausnartzeko momentua da. Bai, guztiok larrua jotzen dugu! 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago