Duela lau urte, 2017. urteko azaroan, Alaves-Baskonia taldeak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Kataluniako EUSES eta ENTI unibertsitateek Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua aurkeztu zutenetik, konturatu ginen dimentsio estrategikoko eztabaida baten aurren geundela.
"Euneiz sortzeko proposamenak nabarmen aldatuko du euskal unibertsitate-mapa"
Urte askoan erakundeen artean desadostasunak izan ondoren, baita EAJren barruan ere, 2019an "fumata zuria" izan zen, eta EAJk eta PSE-EEk proiektua babestu zuten. Ez dago zalantzarik, beraz: parlamentuan gehiengo osoa izanda, Euneiz unibertsitate pribatu berriak argia ikusi eta bideari ekingo dio, seguru asko, 2022ko irailean.
Euneiz sortzeko proposamenak nabarmen aldatuko du euskal unibertsitate-mapa. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate Sistema hiru unibertsitatek osatzen dute: EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak. Sistemako kide direnez, hirurak sartzen dira Euskadiko Unibertsitate Kontseiluan, eta diru laguntza publikoak jasotzen dituzte. Ideia bat izateko, 2019-2022 Euskal Unibertsitate Planak sistemako hiru unibertsitateentzako 200 milioi euroko finantzazioa aurreikusten zuen lau urtean, programa-kontratuen bidez.
Euneizekin, hogei urtean lehen aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitate berri bat sortzea planteatzen da. Gainera, irabazi asmoa duen unibertsitatea da lehen aldiz: enpresa-ekimeneko unibertsitatea, onura ekonomikoak lortzea helburu duena. Elementu hori, gure ustez, funtsezkoa da, eta aurrekari oso arriskutsua ezar dezake sistema osorako.
"Irabazi asmoa duen unibertsitatea sortzeak aurrekari oso arriskutsua ezar dezake sistema osorako"
Beraz, egoera horren aurrean, eta EAJren eta PSE-EEren gehiengo absolutuak Euneiz gaitzea bermatuko duela jakinik, EH Bildu saiatu da eztabaida kokatzen, ez horrenbeste unibertsitate berriaren proiektuan edo prestakuntza-eskaintzan, baizik eta horrek Euskal Unibertsitate Sisteman eta, bereziki, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan izan ditzakeen ondorioetan.
Horregatik, EH Bilduk "Euneiz EAEko unibertsitate pribatu gisa onartzeko lege proiektuari" aurkeztutako lau zuzenketek ez dute lege proiektu hori aldatu nahi; aitzitik, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea aldatzea da gure helburua, eta, beraz, etorkizunean unibertsitate sistema eta Unibertsitate Publikoaren finantzazioa blindatzea, irabazteko asmoa duten unibertsitate pribatuen mehatxuen aurrean.
Funtsean, bi dira EH Bilduren lau zuzenketen helburuak: ez Euneiz, ez etorkizunean ezarri nahi den irabazi-asmoko beste unibertsitate pribatu bat ere, ez dadila EAEko Unibertsitate Sisteman sartu, eta, beraz, horrelako unibertsitateek ez dezatela izan finantzaketa publikoa eskuratzeko inolako aukerarik.
Uste dugu, hasieran esan dugun bezala, etorkizunean ondorio garrantzitsuak izango dituen eztabaida honen oinarrian defendatu beharreko funtsezko bi printzipio daudela.
"Irabazi asmoa duten proiektuak ezin dira inola ere funts publikoen bidez diruz lagundu eta finantzatu"
Lehena. Hezkuntzaren esparrua, oinarrizko eskubide den aldetik, ezin da izan enpresen onuraren eta irabazi asmoaren esparrua. Eta, betiere, helburu horiek bilatzen dituzten proiektuak ezin dira inola ere funts publikoen bidez diruz lagundu eta finantzatu.
Bigarrena. Erakunde publikoen helburu nagusia da gizarte osoaren prestakuntza, baita unibertsitatekoa ere, inolako bereizkeriarik gabe eskuratzea bermatuko duen sistema publiko unibertsal baterako baliabideak blindatzea.
Eusko Legebiltzarrean eta gizartean dago eztabaida. EH Bilduren zuzenketak onartzeak Euskal Unibertsitate Sistema blindatzea bermatuko luke, eta onura ekonomikoa bilatzen duten enpresa proiektuen finantzazio publikorako atea itxiko luke, orain eta etorkizunean. EAJk eta PSE-EEk utziko al dute proiektu horiek finantzatzeko atea zabalik? Zer eragin ekonomiko izango du horrek egungo unibertsitate sistemaren finantzazioan?
Garaiz gabiltza unibertsitate sistema eta euskal unibertsitate publikoaren finantzaketa blindatzeko. Ez galdu aukera hau.