Iritzia

Aparteko baliabideak aparteko garaietarako

Erabiltzailearen aurpegia Kike Fdz. de Pinedo eta Miren Larrion 2020ko abe. 14a, 09:41

Kike Fernandez de Pinedo eta Miren Larrion. / EH BILDU ARABA

"Gasteizen alde egiteko garaia da, Arabaren alde, eta herritarren alde. Aparteko garaiak bizi ditugu. Orain, jendea babesteko, lor ditzagun aparteko akordioak, egoerak exijitzen dituen ezohiko baliabide ekonomikoak bideratuta".

Aparteko garaiak bizi ditugu, ezohikoak, mundu osoa ezustean harrapatu duen pandemia baten eraginez. Egun batetik bestera, pertsonak eta osasuna erdigunean jarri dituen pandemia.

2020. urtea, martxoa. Ohiturak aldatu zaizkigu, eta aldatu da nola ulertzen dugun espazio publikoa topaleku eta harremantzeko toki modura. Azken finean, aldatu da geure bizimodua bera. Baina Arabako gizarteak ezaugarririk badu, hori da badakiela nola aurre egin behar zaien ziurgabetasun handiko egoerei, arduraz jokatzen duela, eta badakiela nola borrokatu bere eskubide politiko eta sozialen alde. Oraingo honetan gauza bera gertatuko da. Ziur gaude.

"Erakunde ezberdinetan akordio zabalak lortze aldera hitz egiteko borondatearekin heldu diogu aurten aurrekontuen eztabaidari"

EH Bildun uste dugu pandemiak azaleratu dituen behar berriei arreta eman behar zaiela, eta pertsonak jarri behar ditugula geure ekintza politikoaren erdigunean. Asmo horrekin heldu diogu aurten aurrekontuen eztabaidari, erakunde ezberdinetan akordio zabalak lortze aldera hitz egiteko borondatearekin. Gizarteak eskatzen dizkigun akordio zabalak. Hala ere, borondate hori ez da txeke zuri bat. Akordioak bai, baina betiere gobernantza ereduari eta politika publikoei norabide aldaketa sakon bat emateko balio duten neurrian.

Ezohiko garaiak dira, eta beharrezkoa da aparteko aurrekontu ahalegin bat. Neurriak hartu behar ditugu eta errealistak izan: atzera daitezkeen proiektuak atzeratu behar dira, eta soberakinak nahiz zorpetzeko gaitasuna baliatu behar ditugu diru sarrerak indartzeko; ahalmen ekonomiko handiena duten pertsonen eta enpresek ongizate komunera egiten dioten ekarpena handitzeko bideak aztertuz.

"Ezohiko garaiak dira, eta beharrezkoa da aparteko aurrekontu ahalegin bat"

Honezkero, krisia ez da soilik soziosanitarioa. Covid-19aren ondorioak gogor kolpatzen ari dira bestelako sektore batzuk, hala nola ostalaritza, kultura, turismoa, merkataritza, mahastizaintza...

Milaka arabarrek pertsiana itxi behar izan dute, edo lan jarduera murriztu zaie, era batera edo bestera. Esku hartu behar dugu, ez bakarrik enplegu berria sortzeko, baizik eta daukagunari eutsi ahal izateko.

Enplegu suntsiketa ez da eten, eta herrialdean puntakoak diren enpresa batzuk jada iragarri dituzte kaleratzeak edo enpleguaren erregulaziorako txostenak. Ez da ezkortasuna. Errealitatea da. Eta errealitate horrek eskatzen du erreskate funts bat sortzea, enpleguaren suntsiketa horri aurre egin eta kalte gehien pairatu dituzten sektoreei laguntzeko. Lanpostuak arriskuan ikusten dituzten milaka pertsonei ziurtasuna ematen lagunduko duen funtsa.

"Errealitateak erreskate funts bat eskatzen du, enpleguaren suntsiketari aurre egin eta gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko"

Orainaldia salbatu behar dugu, lehentasuna da, baina etorkizuna ere bermatu behar da. Abiatu behar dugu, orain bai, trantsizio energetiko eta ekologiko bat, dibertsifikazio handiagoa eta erresilientzia izango duen industria bat izatea ahalbidetuko duena. Multinazionalen dependentzia txikiagoa eta jasangarritasun handiagoa. Berrikuntzan, autogintza edo aeronautika bezalako sektoreen birmoldatzean, edo berriztagarrien, ekonomia zirkularraren eta enplegu berdearen aldeko apustuetan oinarritu behar da eraldaketa; planetak ezin du gehiago itxaron. Geure egitura sozioekonomikoak ezta ere. Horri guztiari tokian toki ekin behar diogu, geure tokiko erakundeekin elkarlanean.

Muturreko egoerak bizi izan dituzte geure zerbitzu soziosanitarioek eta adineko egoitzek, dena eman duten langileek nekez ahaztuko dituztenak. Zaintzak indartzea ezinbestekoa da, foru gobernuak zeresan handia duen esparrua. EAJk behin eta berriro ukatu arren, zerbitzu sozialek okerrera egin dute: dependentzia balorazioa eskuratzeko itxaron zerrendak bost hilabetera luzatu dira, zerbitzuek gainkarga dute, langile askoren baldintzak prekarioak dira... Kalitatezko zaintzak izateko garrantzia erabat frogatu da martxotik hona.

"Zaintzak indartzea ezinbestekoa da, foru gobernuak zeresan handia duen esparrua"

Derrigorrezkoa da osasunean eta ongizatean inbertitzea, gaixotasun berriak dituen kontrako efektuak osatzeko, eta pertsona bakoitzean pandemiak dituen ondorio emozionalak arintzeko. Gizarte babesa handitu behar da, ongizaterako nahitaezkoak diren esparruak indartuta. Babes ditzagun ahulenak gizarte laguntzak handituz eta etxeko laguntza bezalako zerbitzuak sendotuz.

Eta, noski, datozen belaunaldiei utziko diegun etorkizunari begiratu behar diogu, ezin direlako berriro izan krisi honen pagaburuak, 2008. urtean gertatu zen bezala. Datozen urteetako erronkei erantzungo dion Araba baten alde lan egin behar dugu; pandemiak ezer erakutsi badu, hori badelako kontu batzuk atzeratzen segitzea ez dela aukera bat.

"Berrikuntza sozioekonomiko jasangarri bat bultzatzeko unea da; Gasteiz-Araba Zero Carbon baten alde egiteko unea"

Berrikuntza sozioekonomiko jasangarri bat bultzatzeko unea da. Gasteiz-Araba Zero Carbon baten alde egiteko unea da, arduratsua eta ingurumenari begirunea diona, larrialdi klimatikoak aurrez aurre jarri digun premiari erantzuten lagunduko duena. Berriztagarrien alde egin behar dugu eta behin betiko baztertu gasaren esploratzea zein ustiatzea herrialdean. Hirigintza adeitsu bat sortzeko unea da, eta espazio publikoa pertsonei itzuli behar zaie.

Azken finean, Gasteizen alde egiteko garaia da, Arabaren alde, eta herritarren alde. Aparteko garaiak bizi ditugu. Orain, jendea babesteko, lor ditzagun aparteko akordioak, egoerak exijitzen dituen ezohiko baliabide ekonomikoak bideratuta.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago