“Elur urtea, zorion urtea” dio esaera zahar batek. Pasa den asteko elurte labur bezain oparoak Arabako Batzar Nagusietan onartu beharreko zerga erreforma atzeratu du. EAJk eta PSEk PPrekin adostu dutenez, enpresa zein ondare handiek pazientzia pixka bat gehiago baina ez dute behar. Astebete beranduago, euren desio bati argi berdea emango diote. Pozez zoratzen egon dira, hauxe izango baita euren zorion urtea; izan ere, haiek izango dira hiruren arteko akordioari etekin gehiago aterako diotenak.
Gutxi batzuek irabaz dezaten, beste askok galdu behar dute. Kasu honetan, ez dago zalantzarik eta hala moduz hilero etxera soldata bat eramaten dutenak dira horiek. Zerga bilketak, hau da, Arabako Ogasunak urtean ingresatzen duenak, gero eta menpekotasun handiagoa du soldatekiko eta BEZarekiko. 2007an Errenta Aitorpenari esker 680 bat milioi jasotzen bazituen Arabako Aldundiak, orain hamar urte pasa ondoren, ia 800 milioi euro dira. BEZarekin gauza bera gertatzen da: azken hamarkadan 880 milioi euro jasotzetik ia 1.000 milioi euro jasotzera pasa da.
Jar dezagun orain fokoa enpresek ordaintzen duten kopuruan: 2007an euren ekarpena 350 milioi eurokoa bazen, orain 180 milioi euro eskas gainditzen dute. “Enpresari gixajoak!” pentsatuko du baten batek; baina argitu dezagun Sozietate Zerga hori soilik etekin ekonomikoak dituzten enpresek ordaintzen dutela. Injustizia horri beste datu kezkagarriak gehitu behar zaizkio: zerga iruzurra Barne Produktu Gordinaren %17 da eta zerga presioa horren baxua denez, EAEn, urtean Europan jasotzen den batez bestekoarekin alderatuta, 5.000 milioi gutxiago jasotzen ditugu.
Hortaz, herriak bere poltsikotik gero eta gehiago ordaintzen du. Horrez gain, zerbitzu publikoak finantzatzeko gero eta baliabide ekonomiko gutxiago egotearen ondorioak eta kalteak ordaintzen dituzte herritarrek. Nola ordaintzen dira bestela hezkuntza, osasungintza edo zerbitzu sozialak? Zergen bidez. Ez dago beste alternatibarik. Klase baxuek behar dituzte zerbitzu publikoak, kalitatezkoak eta bermatuak. Besteek, gero eta gutxiago ordaintzen duten horiek, sektore pribatura jo dezakete txeke bat edo Visa erabiliz.
Hori dela-eta, EAJ eta PSE PPren desio populista eta neoliberalei makurtzea arduragabekeria da. Soilik Araban ez zitzaizkien kontuak ateratzen “erreforma” horretarako eta PPrengana joatea erabaki zuten: pentsioen kutxa hustu, diru publikoarekin banku pribatuak erreskatatu eta ustelkeriagatik hautetsi eta kargu politikoen zerrenda luze bat akusatuen aulkian duen PP bera. Oparoaldi ekonomikoaren urteotan erabateko atzerakada hori ez da nabaritu. Estutasunek, aldiz, zerga bilketa txikiagoaren ondorioak agerian utzi dituzte: murrizketak murrizketen gainetik.
Gure agintariak azken zerga bilketaren emaitza “historikoez” harrotzen dira. Krisialditik atera omen gara eta ustezko berreskuratze ekonomikoaren bidean omen gaude. Baina emaitza historiko horiekin pozarren zebiltzan EAJk eta PPk aitortzen dute aparteko sarrera horien arrazoia datozen urteotan errepikatuko ez den Madrilen kupoaren inguruan lortutako akordioan datzala. Are gehiago, datozen urteotan arabarrok kupo handiagoa ordainduko dugu akordio horren ondorioz.
Ameskeria horren atzean, benetan dagoen egoera hauxe da: diru gutxiago, zor handiagoa eta behar gehiago. Hori ere zerga erreforma txalotzen dutenak ahapeka aitortzen dute. Hori bai, datorren urtean erreforma horrek izango duen eraginari buruzko inolako azterketa ekonomikorik ez dute aurkeztu. Guztira, enpresek 20 milioi gehiago ordaintzea espero dutela iragarri dute. Halere, euren hitzarekin fidatu beharko gara, txosten teknikorik ez baitago. Bizkaiko Ogasunak, aldiz, inolako disimulurik gabe esan du zerga erreforma berdinak sozietate zergaren bilketan datozen bi urteotan 80 milioiko beherakada izango duela. Bizkaiak, Arabak ez bezala, erreformaren ondorioei buruzko azterketa ekonomikoa aurkeztu du.
Denborak bakoitza bere lekuan uzten du eta matematika zientzia zehatza da, hortaz, datuen zain egon beharko gara. Tartean, arabarrok kalitate eskasagoko zerbitzu gutxiago ekarriko dituen ekaitza jasan beharko dugu. EH Bildun argi daukagu: diru gehiago eta, batez ere, hobeto bildu daiteke. Beste guztia ez da botere ekonomikoen mesedetara aritzea eta betikook ondorioak ordaintzea baino.
KIKE FDEZ DE PINEDO eta NEREA MARTINEZ CERRILLO
EH Bildu Araba