Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren agonia

Erabiltzailearen aurpegia N. Urkixo eta T. Auzmendi, Laudio eta Asparrengo alkateak 2017ko aza. 13a, 13:21

"Zerbitzu horren helburu nagusia pertsonen ongizate fisiko, soziala eta psikikoa mantentzea da, baina Aldundiak urteak daramatza zerbitzu hori suntsitzen".

Araban, gure nagusiek egoitza batera joan beharrean, etxean bizitza autonomoa luzatzea nahiago dute. Hori da, hain zuzen, Arabako Foru Aldundiak egindako azterketa batek adierazi zuen ondorio logikoa. Orduan EH Bildutik, datuekin batera, txostena salatu genuen. Gure ustez, hutsune ugari eta helburu bakar bat zituen azterketa horrek: egoitzetako plaza berriak sortzeko Foru Gobernuak egin duen inbertsio eskasa justifikatzea. Izan ere, Foru Gobernuak ez du plaza bakar bat sortu, baina 1.200 arabar daude itxaron zerrendetan. Gainera, ez dute alternatibarik sortzen eta egun dauden apurrak, adibidez etzez etxeko laguntza zerbitzua, desegiten ari dira.

Berez, egoitza batera joateko enborreko alternatiba Etxez etzeko laguntza zerbitzua da, Zerbitzu Sozialen legearen arabera. Zerbitzu horren helburu nagusia pertsonen ongizate fisiko, soziala eta psikikoa mantentzea edo sendatzea da. Hori guztia banako prebentzio plan baten bitartez ahal den bitartean etxean bizi ahal izateko. Baina, soilik arrazoi ekonomizistengatik, Arabako Foru Aldundiak urteak daramatza zerbitzu hori suntsitzen. 2008tik ikusi dugu nola murriztu duten zerbitzua eta 2008an erabiltzaile bakoitzak bataz besteko 404 ordu bazituen urtean, orain 225ra murriztu dira.

Desegite horren zergatiak Foru Aldundiko azken gobernuek egindako murrizketetan bilatu behar dira. Horren ondorioz, zerbitzuan sartze prozesua zaildu egin da eta, gaur egun, ez da erakargarria. Bere ordez, zaintzen merkatu beltza elikatzen ari da eta horrek lan esplotazioa dakar, batez ere, kanpotik etorritako emakumeek osatutako taldean.

EH Bilduko alkatetzetatik, zerbitzua gure gain hartu nahi dugu. Izan ere, horrela dago jasota Legean, gure eskumena da eta, horren ondorioz, gure ardura da. Hori dela eta, Zerbitzu Sozialen berrantolaketarako ematen ari diren eztabaidetan Araban etxez etxeko laguntza zerbitzua berreskuratzeko proposamen argi bat egin dugu. Proposamen horretan arreta zabalagoa eta malguagoa jasotzen da, ordu kopurua igotzen da eta oinarrizko zerbitzu sozialen langileei ahalmena handitzen zaie, haiek direlako azken finean, gertutasunagatik hobeto ezagutzen dituzten beharrak, egungo burokraziaren aurrean.

Aukera paregabea dugu gure herritarren ongizatea hobetzeko eta ez genuke ulertuko orain inor axolagabekeriaz aritzea. Gure aldetik, erantzukizunez lanean jarraituko dugu, gure herritarren ongizatea bermatzea helburua izanda. Horregatik, gure herritarren beharrei egokituko den alternatiba lantzen ari gara, nahi izanez, gero etxean jarraitzeko baldintza duinetan egongo direla bermatuz.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago