Udal autonomiaren aurkako higadura gerra

Erabiltzailearen aurpegia K. Fdz.de Pinedo, T. Auzmendi eta E. Diaz de Garaio 2017ko urr. 5a, 14:35

Dagoeneko Raxoiren Gobernuak 155. Artikulua aplikatu al du? Berez, ez da Senatuan bozkatu, baina hainbat erabakiren ondorioz "de facto" egin duela inork ez du zalantzan jartzen. Diferentziak alde batera utzita, Arabako Foru Aldundiko Gobernua hori egiten ari da toki erakundeen autonomiarekin.

Aurreko legealdian, PPk desagertzeko zorian jarri zituen arrazionalizazio legearen bitartez. Hasierako testua aplikatuz gero, Araban, soilik bi udalerri libratu behar ziren. Gogor kritikatu zuen orduan EAJk lege hura. Horregatik, PP Arabako instituzioetatik at egonda kontzeju, udalerri eta kuadrillak lasai egongo zirela pentsa zitekeen. Ez da, aldiz, horrela izan.

Higadura gerra bat da. Baina Aldundiak “efizientzia ekonomiko” eta “koste efektiboaren” izenean eskumen horiek bereganatu nahi ditu, eta arlo gehienetan zerbitzuak zentralizatzeko proposamenak egiten ari da. Horrela egin dute uraren kudeaketa planarekin, hondakinen planarekin edo zerbitzu sozialen maparen ezarpenarekin. Foru Aldundiaren ardura, aldiz, ez da hori planifikatzea, aholkularitza lanak eskaintzea eta zerbitzuak koordinatzea baizik. Baina EAJk kudeaketa eredu bakarra inposatu nahian ia aukerarik gabe uzten ditu toki erakundeak.

Zailtasun guztien gainetik eta tokiko autonomiaren printzipioa jarraituz, gaur egun herritarrekiko gertutasuna bermatzen dute toki erakundeek; izan ere, tokiko beharren ezagutzatik abiatuta eskaintzen dituzte hainbat zerbitzu; bertan ematen ari direlako praktika eredugarri batzuk: Zuiak eta Zalduondok, adibidez, ikuskaritza energetikoak egin ostean, argiteria aldatu eta energia berriztagarrien bidez kontratatu dute hornidura elektrikoa. Bestaldetik, Barrundian, Legution, Aramaion, Donemiliagan eta Asparrenan autokonpost sistemak martxan jarri dituzte hondakinen sorrera murrizteko asmoz eta ekonomia zirkularra bultzatu nahian. Eta Zigoitian araztegi ekologikoak jarri dituzte.

Horrelako adibideak desagertzeko arriskuan daude Arabako Foru Aldundiak toki erakundeei eskumenak kentzen badizkie. Izan ere, partzuergo bakar bat planteatzen bada, etekin ekonomikoak bilatuko dituen kudeaketa eredua inposatuko da, gaur egun, zerbitzu publikoen kudeaketa negozio bihurtu delako, eta holako adibide argiak daude ur, hondakin eta zerbitzu sozialen arloetan. Adibide bat. Aurreko astean, EAJren Udal Gobernuak erabaki zuen, PPren babesari esker eta lurraldeko toki erakundeak kontuan izan gabe, Jundizko hondakin plantaren porrot ekonomikoa herrialdeak bere gain hartu behar duela. Horren ondorioz, isurketaren tasa % 20 igo zien Arabako Kuadrillei, inolako alternatibarik eskaini gabe.

Zentralizazio prozesu hori gauzatzeko, urtez urte Arabako Foru Aldundiak toki erakundeen finantzazioa eguneratzeko prozedura atzeratu du. Aurreko legealdian PPk leherrarazi zuen lanean ari zen ponentzia. Legealdi honetan, toki erakundeen finantzazioa eguneratzeko ponentzia toki erakundeen finantzazioa eguneratzeko ponentzia sei hilabeteko atzerapenarekin lanean hasi arren, oraindik kaxoi batean gordeta daude horren ondorio praktikoak, egun indarrean dagoen foru araua 90eko hamarkadan onartu bazen ere eta, horrenbestez, XXI. mendeko beharrei inondik inora erantzuten ez badie ere.

Araba lurralde historikoan, Gasteizko makrozefaliak gure herrietako egunerokotasuna baldintzatzen du erabat. Horregatik, toki erakundeen etorkizuna bermatzeko, finantzazio nahikoa izan behar dute, baita euren eskumenak garatzeko aukera ere. 

 

Sinatzaileak: Kike Fdz. de Pinedo, Txelo Auzmendi eta Ekaitz Diaz de Garaio, EH Bildu Araba.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide