Debord Armentian

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2026ko apirilaren 25a

"Bideoak derrigor. Bestela, nola jakingo du munduak zoriontsuak garela?"

Beharbada, lerro hauek irakurtzen ari zaren bitartean, prest daukazu hatza behera egiteko sakelakoan. Aspaldiko kontua da kasu handiagoa egiten diogula pantaila bati hurbilen dugun inguruari baino, maite omen ditugun pertsonak barne. Gure hatz-markak teknologia digitalean itsatsita utzi baino askoz lehenago idatzi zuen Guy Debord-ek bere La Sociétè du spectacle, 1967an. Ordurako, gizartea espektakulu bilakatua ikusia zuen situazionista frantsesak. Telebista kolorea hartzen hasia zen artean, Internet eta lerro hauen sinatzailea jaio gabe.

Lan profetiko hark gogor kritikatu zuen bizitza ikuskizun bihurtzeko nahia. Debord-en ustez, bizitza bizitzea jada ez zen nahikoa; garrantzitsuena norberak bizi izandakoa antzeztea zen. Irudien bidez. Pantailen bidez. Teknologiak –interes kapitalista jakin batzuk tarteko– ekarritako mass media berrien bidez. Gaur, 2026an gaude. 59 urte geroago. San Prudentzioko erromeriaren atarian. Eta irudi luke duela sei hamarkadako analisiak gaurko errealitatea marrazten jarraitzen duela. Gero eta trazu finagoz.

Askeagoak garela uste dugu, baina agian inoiz baino bideratuago gaude, gure kontsumo beharrak direla eta. Ideia hau ere ez da mende honetako esklusiba, baina gizaldi honetan ari da goia jotzen. Eta bizitzako edozein arlo espektakularizatzeko joera indar betean dagoela ematen du: hezkuntza, kultura, politika… Hala, eztabaida publikoetan, argudioen ordez eskandalua nagusitzen da; hausnarketaren ordez, memea. Debord-ek zioenez, espektakuluak ez du komunitaterik sortzen, bakardade isolatuen batura baizik. Pantaila, helmuga eta bitarteko.

Karakolak eta perretxikoak, tradizioa gehien maite dutenentzat. Ilara luzean irabazi beharreko taloak, arto-irina jateko txirrinta dutenentzat. Edariak, aukeran. Eta argazkiak nahiz bideoak, derrigor. Bestela, nola jakingo du munduak zoriontsuak garela?

Aurten ere, santu pixontziaren erlikiak ondratzeko, Armentiako zelaietan egongo da Debord. Post mortem. Inoiz baino biziago.

Edu Zelaieta Anta.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago