Aldizkari honen azken zenbakiaren kontrazalean irakurri nuen: Kateatu zaitez Araban. Aldundiaren kanpaina baten leloa da, bizikleta bidezko turismoa sustatzea xede duena: "Araba, bizikletaren paradisua, bidaiatzeko, gozatzeko, ezagutzeko, kirola egiteko eta zeure erritmoan bizitzeko… Kateatu zaitez!".
Eta hainbeste kate aipatuta… Prometeo titanarekin oroitu nintzen. Kondairen arabera, Prometeok buztinez moldatu zituen lehen gizon-emakumeak, eta Atenea jainkosak arnasa eman zien. Greziarren kosmogonia hartan gizakiak ahulak ziren, eta boterea nork zuen erakusteko sua kendu zien Zeusek. Prometeok, hilkorren sufrimenduaz kezkaturik, balentria egin zuen: Olinpotik sua lapurtu eta gizakiei itzuli zien. Larrutik ordainarazi zion atrebentzia Zeusek: Kaukasoko haitz batean kateatu zuen; egunero arrano erraldoi batek gibela jaten zion, eta gauero gibela hazten zitzaion berriz. Milaka urte iraun zuen zigor ankerrak, Heraklesek –Zeusen baimenarekin betiere– askatu zuen arte.
Mitoak hainbat interpretazio izan ditu historian zehar. Askoren ustez, Prometeo gizateriaren aldeko heroia da: sua itzultzea ez baita argia ematea soilik, baizik eta adimenaren txinparta, sorkuntzaren ahalmena eta aurrerapen teknologikoaren ikurra. Beste batzuen bihotz-begietan, berriz, Prometeo traidorea da, ordena kosmikoa nahasten duen iraultzaile arriskutsua. Segur aski ere, kontraste horregatik aukeratu zuen Mary Shelleyk izenburua: Frankenstein edo Prometeo modernoa. Eta orain, nonbait, erreferentzia klasikoei keinu eginez, Prometeo aske dabilela esan bide digu Arabako Foru Aldundiak. Pedaletan kateatuta, Arabako bazterretan barrena. QR kodeak eskaneatuz eta kaskoa buruan jantzita. Bere gibel delikatuari kalte egiten dioten udatiar saldoak saihestu nahian.
Edu Zelaieta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.