Joan da Pessoa. Duin. Harrimenaren bazterrotan ibili den bezain duin (eta xelebre, batzuetan).
Heriotza bertatik bertara ikusia nuela esan nahi nion. Ez dit, baina, denborarik eman; alegia, ez dut nik horretarako astirik hartu. Edota modurik aurkitu. Izan ere, hain da erlatiboa denborarik ez izatearena… Hori ere Pessoak adierazia da. Bai eta beste hau ere: ez dugu denborarik, denbora hori dagoeneko hartu dugulako. Aukeratu eta baztertu egin dugulako. Nonbait. Nolabait. Nik, adibidez, XXI. mendera etortzea erabaki nuen, beste zerbaiti –nahitaez– uko eginez.
Joan da Pessoa. Duin. Eta hemen utzi ditu ikasturte batez idatzitako harrimena lantzeko ariketak. Harrimena eta duintasuna elkarrekin lotuak daudelako. Harritzeko ahalmena –umeei eta filosofoei berez egozten diegun hori– duin bizitzeko gaitasuna ere badelako. Hori izan da, hain zuzen, bidaideari ulertu diodan azken gauza.
Sei ter o pasmo esencial, idatzi zuen lisboatarrak XX. mendean. Eta arrasto horretan aritu gara hemen, ehun eta hamar urte geroago. Harritzen ez dena –Pessoa dixit– harria delako.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.