Maleta zahar batekin ikusi dut Pessoa. Gauzak biltzen. Puskak garraiatzen. Hitzik gabeko kode batean arituko balitzait bezala… Ezustean harrapatu nauten mugimendu horiek direla eta, zuzen galdetzera atrebitu naiz: Fernando, gurekin emandako denbora tarte honetan, zerk harritu zaitu gehien? Erantzuna, ezin pessoatarragoa iruditu zait: nola ikusten duzuen XX. mendea, XXI. mendetik. Txundigarria da, benetan.
Batetik, gure miseria jada gainditutzat ematen duzue, gehiagotasun-posizio batetik: zeuek zarete, esan gabe joaten bada ere, eboluzioaren erpina, etorkizuna ezinbestean konkistatzera deitutako mendea. Bestetik, baina, giza crème de la crème horrek inoiz baino fede txikiagoa du bere buruarengan, eta zuen buru-eskuetatik aterako den guztian. Alde horretatik, Edu, izaki eta gizaki miresgarriak zarete: tragedia greziar bateko pertsonaiak, ezinezko patu bat betetzeko bidean.
Puskak garraiatzen jarraitu du adiskide lisboatarrak; gero eta hurbilago omen du aldaira…
Hasi naiz –espero ez nuen– zimiko moduko bat sumatzen bular aldean.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.