Harrimena lantzeko ariketak

Paretatik

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2024ko eka. 23a, 11:00

"Paretak dirudi bakoitzaren lagunik onena. Babes bakarra, beldur ozeanikoaren aurrean"

Bereziki emankor dabil Pessoa azken aldian. Eta batzuetan, egia esan, ez dakit nondik aterako zaidan. Hara! Hemen dator adiskidea… Bom dia, Edu. Film labur baterako proposamen batekin nator. Entzun:

Kontrako norabidean doazen bi pertsonek elkar ikusi dute distantzia batera, kostaldeko kai mutur batean. Pentsatzekoa da, ohi denez, bietako bat aldenduko dela paretatik une batez, bakoitzak bere martxa jarraituko badu. Hala ere, segundoak aurrera doaz, eta biek ala biek darraite dikearen pasealekuko paretari pega-pega eginda. Itxuraz, izu-ikara diote itsasoari.

Hala ailegatu dira elkarren parera. Paretak dirudi bakoitzaren lagunik onena. Babes bakarra, beldur ozeanikoaren aurrean. Fisikoki, berez, lagun batzuk aldi berean pasatzeko tokia dago. Fisikaren legeak eta beldurrarenak, baina, ez dira soka berekoak.

Besoak luzatu ditu batek, halako batean. Besoak luzatu ditu besteak. Autobusa biratzeko plataforma horietan bezala, besarkada –dorpe eta beldurti– bat dantzatu dute bi ezezagunek. Eta aurrera egin dute. Bakoitzak bere bidea. Paretatik.

Edu Zelaieta Anta.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago