Labur nahi du gazteak. Eta azkar. Horregatik da ezinbestekoa gaur egun sare sozialak erabiltzea gazteekin konektatzeko: ez dago beste biderik. Hala irakurri dit Pessoak, enegarren guru bati egindako elkarrizketa batetik.
Fenomenoa ez da berria, erantsi du harrimenaren bidaide portugesak. Nire garaian –uler bedi XX. mendearen lehen zatian– ere labur nahi zuen gazteak. Eta azkar. Areago, dokumentazio historikoak argitzen duenez, aspaldi-aspaldikoa da gazteagoen eta zaharragoen arteko tirabira: luze-labur, azkar-mantso, sakon-arin. Oraingo bizkorrak, osasun lagun, biharko motelak izango dira. Oraingo ausartak, makurrik ezean, geroagoko zuhurrak.
Nolanahi ere –berritsu etorri da gaur, inondik ere, gure Fernando!–, sare sozialak nahitaez erabiltzearen mezua gehiago da gazteentzat helduentzat baino. Bi hamarkada pasatxo joan dira langintza horretan. Gomendioa… agindu bihurtzeraino.
Bukaerarako utzi du errematea lisboatarrak: gaztetasuna maite duzue; ez gaztea. Baina, akaso, hori ere ez da zuen mende honetako bereizgarria.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.