Nire bizitzak zenbat figurante dituen galdetu dit Pessoak. Ziplo. Gordin. Ahora inguratzen ari nintzen koilara utzi behar izan dut, eta zera erantzun diot nire barren bat-batean asaldatutik: aizak, Fernando, baina zer galdera mota da hori? Haren erantzunak ez dit bake handiagorik ekarri: jaten ari haizen plater hori bezalakoa, Edu. Hiretzat.
Hortxe bukatu da hasi berria zen otordua. Nirea. Pessoak lasai antzean jarraitu du mahaian. Jan-edanean mantso, ohi duen legez. Minik emateko inolako asmorik ez zuela erantsi du geroxeago. Galdera beste edonorentzat ere izan zitekeela. Era pertsonalean ez hartzeko, mesedez.
Pessoa berpiztea erabaki nuenetik –badira hilabete batzuk– lehen desenkontru mikatza izan da. Zergatia hitzetan jartzeko gauza ez naizen arren. Zerk mindu ote nau hainbeste? Zerk jaikiarazi mahatik –nigan guztiz ezohikoa dena– pareko solaskideari elkarrizketa ukatuz? Harrimena lantzeko ariketa hau, aise pentsatuko duzuenez, gehiago idatzi du Pessoak nik baino. Nahiz eta hauxe izan –ederra paradoxa, gero– autobiografikoena.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.