Artista bakoitzak sinatzen ditu bere lanak. Sinadura hori gabe, ezin egiletza behar bezala aitortu. Ezin oeuvrea burututzat eman. Hala Louvren, nola tabernan.
Urteak daramatza Lontxok erroreak sinatzen. Lotsagabe. Goizero. Berak egindakoak ez, baizik eta paperezko egunkariak ekartzen dituen denbora-pasarenak: “aurki itzazu bi irudien arteko aldeak, zazpi erroreak” modukoak. Erroreak irudietan nabarmenduz eta trazu lodiko errubrika eginez izenpetzen du artistak denbora-pasaren soluzioa.
Gustatu zaio Pessoari erroreak sinatzearena. Lotsagabe. Goizero. Ez denbora-pasarenak, baizik eta bakoitzak bizitzan egiten dituen okerrak bere gain hartzea. Hala aldarrikatzen du, orobat, Internazionalista Erroristak: “errealitatea ordenatzen duen printzipio nagusia da hutsegitea”. Gainbaloratua omen dago arrakasta, eta ezin zabalduago haren aldeko kultura mediatikoa.
Heu ere errorista haiz, bota dit Pessoak braustakoan, ordenagailua itzalitakoan. Horregatik sinatzen dituk pieza hibrido hauek.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.