Zuriek ez dute. Horrelaxe bota dio neskatxa batek, gordin eta ozpin, Pessoari. "Ume zuriek ez dute anaia-arrebarik, eta ez dakit zergatik". Zurtu eta lurtu egin dira adiskide portugesaren belarriak, zer edota nondik erantzun ez zekiela. Nire bila etorri da lisboatarra –disimuluan; laguntza bila–, bere betiko betaurreko borobilek galdera marka baten itxura harturik.
Egia esan, ezer gutxi dakigu Pessoak eta biok munduaz: bata, berpiztua badabil ere, XX. mendean hil zen; besteak, Sokratesen harraren poderioz, gero eta gutxiago daki. Ederra parea, gero, erantzunak eta azalpenak emateko…
Ez dakigu zein eskolatara doan neskatxa, non bizi den, beste inori ere esan ote dion… "Nire ikasgelan anaia-arrebak dituztenak ez dira zuriak. Nire atarian bizi diren ume zuriek ez dute anaia-arrebarik. Inork ez dit azaldu… eta inork ez didala azaldu nahi susmatzen hasia naiz".
Eskertuko genituzke, hortaz, erantzuten dakien norbaiten azalpenak. Neskatxaren jakin-mina ase ahal izateko, sikiera.
Muito obrigado.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.