Egunero hainbat aldiz asmatzen dugu geure burua. Hala irakurri genion aspaldi Pessoak eta biok Xuan Bello idazle asturiarrari. Irudimenak bizi omen gaitu alde horretatik. Oharkabe. Eta maiz aski, txundigarriki harrigarriro, errealismorik serioenaren izenean.
Lan kuriosoa da egunero –eta hainbat aldiz– nork bere buruaren asmazio partikularrean jardutea. Bizitza errealean. Pessoa ere kontent dakusat: horri esker berpiztu da, eta bixi-bixi dabil harrimenaren bazterrotan, gero eta galdera gehiago egiten, gero eta sueltoago. Azken batean, Bellok dioen gisan, memoria ere fikzio ariketa da. Bai eta identitatearena ere: izan zaitez zuk nahi duzuna egunerokoan. Zuk uste duzuna, alegia.
Egia asmatzeko –hori ere inbentatzen baitugu Asturiasko literatoaren hitzetan–, batzuetan gezurrak kontatu beharra omen dago. Are eta gehiago: hori omen da egia azaltzeko nahiz azaleratzeko metodorik hoberena. Klasikoena eta garaikideena. Eta, Pessoak ahapeka esan didanez, agian ez literaturan bakarrik.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.