Harrimena lantzeko ariketak

Baloi galduen bila

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2023ko abe. 3a, 11:00

"Baloi galdua itzuli 10 urteko mutilari, euskal espresionismoan", AAren arabera. Irudia: Dall-E

"Zera galdetu nion orduan, zergatik uste zuen irakaslea nintzela. Erantzuna, zehatza bezain argia izan zen: euskaraz hitz egin didazulako"

Urteak dira –artean Alde Zaharrean bizi ginen eta Pessoa etxeko liburuetan baizik ez zegoen– 10 edo 11 urteko mutiko batek galdetu zidala ea ni irakaslea nintzen. Kontua da ia ez genuela hitzik trukatu kalean, gure artean: nire oinetara ailegatutako baloi galdu bat itzultzea izan zen komunikazioari ekiteko arrazoia. Zera galdetu nion orduan, zergatik uste zuen irakaslea nintzela. Erantzuna, zehatza bezain argia izan zen: "euskaraz hitz egin didazulako".

Ez dakit zer pentsatuko lukeen anekdotaz honezkero hogeitaka urte (luze) izango dituen gazteak. Ez eta –Euskal Herrian jarraituz gero– zenbatetan egiten duen euskaraz ere. Gogoan dut Ramon Bajoko ikaslea zela eta euskararekiko nahiz irakasleekiko sinpatia sumatu nuela haren irribarre bihurritxoan.

Segur aski orominak bultzatuta, Pessoak ere ulertzen ez duen tentazio harrigarri bat sartu zait gaur. Baloi galduen bila ibiltzekoa-edo. Miraz nago neure buruarekin. Miraz –futbolaren negozioa batere maite gabe– neure irribarre bihurritxoarekin.

Edu Zelaieta Anta.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago