Argaldu zara, Edu? Hi meheago hago, ezta?
Urte batzuk daramatzat –ez nuke jakingo esaten zenbat– halako galderei nola edo hala aurre egiten. Eta, segur aski, arrazoi izango dute errealitatearen pertzepzioan: itxura mehartzen ari zait urteen joanarekin.
Nire ilbehera ala ilgora aurpegiari –gorputzaren gainerako atalak ikusi gabe esaten baitidate– erreparatzen diotenak asmo txarrik gabe aritzen dira. Eta, oro har, pertsonala bezain politikoa den harriduratik. Baina ni, kutxa batean 27.500 paper idatzita utzi zituen Pessoa bidaide, areago harritzen naiz esan gabeko gauzekin. Batzuetan, behinik behin.
Aspalditxotik adierazten du pisu bera etxeko baskulak. Inoizka egindako osasun azterketetan berretsia. Frogatua: ez da kilo kontua. Beraz, galdetzen ez dizkidaten beste batzuekin egin beharko proba… Adibidez: nire gorputzaren estrategia izan daiteke helduaroan? Ez ote naiz ni neu –ilbehera ala ilgora– orainari etengabe egokitzen? Ezezkoak zein baiezkoak, hipotesi guztiak dira –txundigarriro– posibleak.