Ekainaren 15ean egin nuen aurkikuntza. Gasteizko TAO parkimetro berriak probatzen ari nintzela –autorik gabe, daitort–, hara non kaleko gailua lapurtera finean hasi zitzaidan: "igurika otoi". Axular edota Maddi Ariztia uniformez agertuko ote ziren –XXI. mendeko Adurtza inguruan– pentsatu nuen une batez. Fantasia erotikoa, baina, ez zen gauzatu.
Aste batzuk geroago, zutik idaztea maite omen zuen Pessoari Euskal Herri kontinentala erakusten ari nintzaiola, parkimetro berak ikusi nituen Donibane Lohizunen. Haietako batera hurbildu eta berdin mintzatu zitzaidan makina: igurika otoi. Bigarren kasuan, euskararen ikuspegitik, askoz testuinguru naturalagoan.
Ahaztuxea genuen kontua Pessoak eta biok. Berriki Gasteizko Herritarren postontzian bi mezu irakurri arte: bata, irailaren 14koa; bestea, urriaren 25ekoa. Herritar horiek "itxaron, mesedez" formula ulerterrazagoaren alde egiten dute. Arrazoiz. Udalak erantzun gabe diraute bi iruzkinek, oraingoz.
Igurikatzea dagokigu. Itxarotea, lagunok. Bitartean, klase orotako fantasiak libre.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.