Gasteiz erdiguneko okindegi batean. Arabieraz gertatzen ari da metro batzuetara ditudan hiru neska-emakumeen solasa. Halako batean, hirukote horretan bataren alaba eta bestearen ama izan litekeen emakumea –nire begiekin fidatuz, 35-40 urte ingurukoa– espantuka hasi da. Gaztelania klaroan, eta bortitzean, kexatu da zerbitzuaren motelaz. Eta arretaren eskasaz.
Zerbitzua zein den galdetu dit, harrituta, otordu gehienak etxetik kanpo egiten zituen Pessoak. Bi kafe eta freskagarri bat. Besterik ez. Jatekorik ez. Enkarguz eramatekorik ere ez. Ohiko zerbitzu xume bat, alegia. Halarik ere, zatar eta zakar jarraitu du emamuke bezero arrazializatuak, bere eskubideen aldarri ozena eginda. Dendaria txiki, ia ikusezin, bihurtu duen arte.
Psikologia + soziologia ikastaro trinkoa hartu dugu ogitara gindoazenok. Matrikularik ordaindu gabe. Testuinguru saminki errealean. Erraza da botere lezioak ematea, bezeroaren ezaugarriak gorabehera, frankiziako langilea hasiberria den emakumezko gazte beltza denean.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.