Harrimena lantzeko ariketak

Izar oro bezala

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2023ko urr. 29a, 11:00

'Nomadak, zirku-jendea', adimen artifizialaren arabera. Irudia: Dall-E, Bing

"Aldaketaren agindua besterik ez gara. Hala utzi zuen idatzia Elsonek"

Esku artean neramana gordetzeko keinuak salatu bide ninduen lagunaren begietara. Ziplo egin zidan galdera: Edu, zer daramak hor? Liburu bat. Un compromiso co asombro din izena. Ingelesetik galizierara itzuli berria.

Pessoa ere harritu da, liburua ez baita ekarri penintsulako bi Estatu-hizkuntzetara: ez portugesera, ez gaztelaniara. Idazlea, lehengo mendeko azken urtean itzalitako Rebecca Elson kanadiarra da. Ospeko astronomoa, eta poeta: Gu astronomook nomadak gara / merkatariak, zirku-jendea. / Lur osoa da gure denda.

Postumoa da Elsonen liburua, lurretik ikusten dugun izar oro bezala. Senarrak eta lagun poeta batek hautatu eta antolatu zituzten poemak. Eta gauzak zer diren: The Economist agerkariak urteko liburuen artean sailkatu zuen 2001ean. Eta 22 urte geroago, Estibaliz Espinosaren itzulpenari esker, esku artean daukat mira miragarritik idatzitako lana.

Aldaketaren agindua besterik ez gara. Hala utzi zuen idatzia Elsonek. Astronomiatik. Poesiatik.

Edu Zelaieta Anta.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago