Harrimena lantzeko ariketak

Orain ez, mesedez

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2023ko urr. 22a, 11:00

'Egoismo kolektiboaren erretratua, akrilikoan', adimen artifizialaren arabera. Irudia: Dall-E, Bing

"Fauna eta floraren aurretik, behar kolektiboaren aurretik edota bizitza zikloaren aurretik, neu lehenbizi"

Lau hilabete eta erdi eman ditut sandaliatan: ekaina, uztaila, abuztua, iraila eta urriaren lehen hamabostaldia. Eta, zergaren bat barkatzen digunaren gisan, esango dizuet arestiko kontaketa horretan ez dudala sartu maiatzaren azken astea: orduan hasi nintzen sandaliak gozatzen.

Kontu esoterikoak maite zituen Pessoa begiak taloa bezain zabalik dabil. Ez nire oin beltzaranekin, baizik eta bazterretan aditzen ari den otoitz laikoarekin: euria beharrezkoa da, bai; baina orain ez, mesedez. Bakoitzak ditu bere arrazoiak horretarako. Ikastaro bat. Bizikleta hartzea. Haurrak parkean gelditzea. Pessoak entzundako azkena, hauxe: ezkontza batera joango naiz eta –espres erositako jantziarekin batera– sandalia berriak estreinatu nahi ditut. Zuentzako informazioa: urriaren 21ean izango da ezkontza.

Harritzekoa bezain naturala da gure gizartearen argazkia: fauna eta floraren aurretik, behar kolektiboaren aurretik edota bizitza zikloen aurretik, neu lehenbizi. Itxaron dezatela –beste apurtxo batengatik ez da kalterik izango– zeruak eta lurrak.

Edu Zelaieta Anta.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago