Mendian. Armentiako edo Zabalganeko basoan. Etxetik hurbilago dudan Salburuko hezegunean. Eta, zer esanik ez, asfalto gainean. Hirian. Urteak daramatzat belarrietako tapoiak ikusten. Ez lo egiteko, munduan ibiltzeko baizik. Eta ni, ohi dudan moduan, miraz nago. Lisboatik atera gabe hogei etxe aldaira baino gehiago egin zituen Pessoaren antzera. Mira handiz.
Kolore nahiz tamaina askotarikoak dira tapoiak. Kabledunak nahiz kablegabeak. Belarrizuloak tapatzen dituzten aurikularrez ari bainaiz. Telefonoarekin lotuta jarraitzeko aukera ematen diguten gailuez: aspalditik egiteko genuen dei luze samarra egiteko; aste honetan oraindik aditu ez dugun podcast gustagarria aditzeko; geure buruari zor diogun musika kuttuna entzuteko. Eta ni, Pessoaren antzera, miraz nago. Mira handiz.
Urteak daramatzat entzuten uzten ez duten entzungailuak ikusten. Estimatzekoa da, sikiera, batzuen gizalegea nirekin topatzean: tapoi bat kentzea –biak ez– hitz egiteko.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.