Harrimena lantzeko ariketak

Umezurtz

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2023ko urr. 8a, 10:00

'Lagundu zure haurra harritzen', adimen artifizialaren arabera. Irudia: Dall-E, Bing.

"Erne. Ikas dezagun begiak, belarriak, sudurra eta hatz mamiak (berriz) erabiltzen"

Enkargu bat eman zioten Rachel Carsoni 1955ean. Ordurako ba omen zekien itsas biologoak bere bularreko minbiziaren berri. Onartu egin zuen proposamena egoera horretan, eta luze gabe publikatu zuen Lagundu zure haurra harritzen. Geroago, postumoki, Harriduraren zentzua (The sense of wonder) liburua argitaratu zuten 1965ean. Pessoak eta biok irakurri berri duguna. Gaztelaniaz.

Naturarekin liluratzeko gida dela diote batzuek. Bizitzarekin gozatzeko gonbita, bestetzuek. Bietarako gakoa –ekologismo modernoaren aitzindari Rachel Carson dixit– inguruari adi egotea da. Erne. Ikas dezagun begiak, belarriak, sudurra eta hatz mamiak (berriz) erabiltzen.

Zaintza lanik ezagutu ez zitzaion Pessoak galdetu dit nor zen Roger, liburua berari eskainia baita. Eta nik, aurkitutako informazioaren kontrara, Roger itsas biologoaren semea zela erantzun diot: mutikoa umezurtz gertatzean, ordura arteko iloba adoptatu zuen Carsonek.

Guztia guztiarekin lotua dagoela ikustea da, izan ere, ekologismoaren lehen funtsa.

Edu Zelaieta Anta.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago