Onak gara, oso eta hagitz, maite ditugun pertsonen problemak konpontzen. Onak gara, oso eta hagitz, hainbeste interesatzen ez zaizkigun lagunen arazoak moldatzen. Are eta gehiago: harritu egiten gara –maiz ozenki, beste norbaitekin solasean– nolatan bizi daitezkeen urlia, sandia eta berendia bizi diren moduan, dena delako kontuari irtenbiderik eman gabe.
Onak gara, oso eta hagitz, geure problemen saltsa loditzen. Onak gara, oso eta hagitz, geure bizimodua baldintzatzen duten arazoei konponbiderik ez aurkitzen. Eta gu diren beste horientzat –maiz ozenki, beste norbaitekin solasean– urlia, sandia eta berendia bihurtzen gara. Metamorfosiaren unea guk aukeratu gabe.
Miresgarria da zenbat dakiten besteek gutaz. Miresgarria da zenbat dakigun guk besteez. Alde horretatik, galdera dakar –umetatik heteronimoak erabilita– bere buruari gutunak bidaltzen zizkion Pessoak: noiz arte jarraituko dugu, urlia, sandia eta berendia bagina bezala, harriduraren lilura ez sentitzen?
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.