Ohiko gauza da gurean egunkaria hartzea buzoitik. Oraindik ere. Inguruko batzuen harridurarako.
Papergintza gainbehera etorritako aurreko hamarkadako egun batean, galdera egin zidan (orduan 7 urte zituen) semeak: "Noiz hartzen dute haien egunkaria bizilagunek?". Ondoko urteek eman diote nik baino erantzun hobea: gu gara bakarrak egunkaria jasotzen portalean.
Inguruan duguna natural hartzeko joera dugu. Oharkabe hezten gaituen giroa iruditzen zaigu normala. Hortik, aise pasa gaitezke buzoiak egunkariez –eta bestelako suposizio logikoez– betetzera. Ez da preziso ume izatea horretarako.
Zerekin harritzen garen eta zerekin ez, agenda publikoan kokatzearen aldekoa zen Pessoa –bai, behintzat, Benficara joaten zen egunetan–. Era beretsuan aditu/irakurri izan diot aldarria gero eta interesgarriagoa iruditzen zaidan Remedios Zafrari. Izan ere, pertsonala politikoa da, eta alderantziz. Baita harrimen kontuetan ere.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.