Ekainaren 2an margotu nituen oinetako azazkalak. Ordutik, oro har bero handiak pasatu ditugunez gero, sandaliatan ibili izan naiz gehienbat. Pentsa, urrian bertan ere sandaliak jantzi ditut zenbait egunetan eta, ohiko pronostikoen kontra, nire azazkal margotuek ekinokzioaren marra aise gainditu dute: gaua luzeagoa deneko bizitza ezagutzera ere ailegatu dira.
Ekainaren 2an margotu nituen oinetako azazkalak lehen aldiz nire bizitzan. Hartara, denbora tartetxoa hartu behar izan nuen txukun antzean egiteko eta, azazkalak margotu ondoan, nahiko arraro ikusten nuen neure burua. Erraz ohitu nintzen, hala ere. Gustura. Laster ahazteraino. Azken lau hilabete pasatxotan, baina, munduaren zati bat ez da horren erraz ohitu, eta ez da nire azazkal margotuak ahazteko prest egon. Galdera zuzena egin didate: "Zer lortu nahi duzu horrekin?".
Segur aski defentsa-erasoan egindako galdera interesgarria ere izan daiteke, arte garaikidera hurbiltzen gaituen neurrian. Esther Ferrer artista donostiarrak, adibidez, hauxe esana du: "Perfomancearen alderdi interesgarria da gauzei gertatzen uztea; ezin daiteke zoria baztertu". Nik azazkalak margotu nituen unean jakitun ez banintzen ere, solasean ari zitzaidan Ferrer: "Zuk azazkalak margotu, Edu, eta gero utzi gauzei gertatzen".
Eta gertatu egin dira gauzak ekainetik hona: galderak eta erantzunak; nik eskatu gabeko elkarrizketak; begiradak, indibidualak zein kolektiboak; buru-jiratzeak, disimulatuagoak nahiz nabarmenagoak; ukondo mugimenduak, ondokoaren arreta erakartzeko; eta abar. Hori guztia, mehatxu nuklear baten erdian, ni bezalako gizon (zuri, zis, heldu, ustez hetero…) batek oinetako azazkalak margotu dituelako.
Hurrengo urtean aurtengo kolorea errepikatuko dudala uste dut.
Bai eta, agian, eskuetarako ere.