Al Jazeerak egunotan emandako dokumental bat ikusi berri dut. Enegarrenez, sakelakoaren erabilera txarrak gazteen artean eragiten dituen kalte larriez ohartarazten zuten hainbat neraberen testigantzek eta adituen esanek. Ahotsak ez ziren gure ingurukoak; kontakizuna, ordea, oso ezaguna da, globala. Eta bertatik ateratako ondorioak, norberaren eta gizarte osoaren kontraesanak barne, begi-bistakoak. Hainbeste non horiek aipatu gabe ALEAko edozein irakurlek erraz aski jakin dezakeen zertaz ari garen. Zertaz ari naizen.
DBHko 2. mailaren azken txanpan sartzen ari den nerabe bat dugu etxean. Sakelako adimendunik ez du, eta momentuz ez du protestarik egin. Ikasgela berean badago beste kide bat egoera berean, eta biak, txikitatik eskola eta auzo berekoak izanda, lagun minak dira. Nolabaiteko euskarria dute alde horretatik haiek. Eta haien gurasoek, bide batez.
Orain arteko erresistentzia ariketak –zaila da uharte izatea ozeanoaren erdian– hainbat kontu ekarri izan dizkigu. Hala, guraso (gutxi) batzuen aldetik, eskatu gabeko iritziak jaso izan ditugu inoiz: gure jarrera txalotu duten aita-amengandik gure jarreragatik nolabait erasotuak sentitu diren aita-amengana, guk gaia zuzenean aipatu gabe. Kasu horiek, iruzkingile bakoitzaren asmoa gorabehera, gauza bat nabarmentzera etorri dira: joera nagusitik kanpo zaudete. Arautik at.
Guk ez dakigu semeak noiz eskuratuko duen lehen sakelako adimenduna: 14, 15, 16,… hainbat zirkunstantziaren arabera etorriko da erabaki hori. Hala ere, poztu nau jakiteak beste uharte batzuk daudela, handiagoak, ur gaziaren gainean modu antolatuan ageri direnak. Adibidez, Gure aukera, guk 16 leloa darabil Bidelagun proiektu zarauztarrak. Eta, nahiz eta 16 urteko langa hori guretzat berezko helmuga ez den, arreta handiagoa ematen hasi naiz etxeko lur globoko artxipelagoei.