Somiem?

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2022ko ots. 10a, 10:09

25 haurren ametsak jaso ditu 'Somiem?' proiektuak. / 'Somiem?'

"Burkina Fasoko Gomaneren ametsa da ikustea nondik datozen zuriak..."

"Zein da zure ametsa?". Galdera hori egin zien 4-14 urte bitarteko hainbat haurri Adriá Homsek. Afrika, Asia, Amerika eta Europara eraman zuen auto-stop bidaia bati ekin zion duela zazpi urte Gironako Garrotxan jaiotako Lehen Hezkuntzako maisuak. Lau urteko iraupena izan zuen abenturak eta, tarte horretan, besteak beste, bidean topatzen zituen gaztetxoen hamaika istorio eta desio bildu zituen.

Behin etxera itzulita, Somiem? (Amets egingo dugu?) izeneko proiektua prestatzen hasi zen. Horretarako, lehenik, bide luzean bildutako material ugaritik 25 herrialde eta 25 amets hautatu zituen: 25 protagonista. Ondoren, Kataluniako 25 artistak parte hartu zuten adierazitako ametsak liburu batean ilustratzeko, sosik kobratu gabe. Azkenik, joan den udazkenean mikromezenasgo edo crowfunding bat abian jarri, arrakastatsu suertatu eta urtarrilean inprimatu dira 4000 ale: 2600 Kataluniako eskola publiko guztiek liburuaren ale bana jaso dezaten; beste 1.000 ale Mediterraneoko migratzaileen –pertsonen– erreskateak egiten dituen Open Arms GKEari eman zaizkio; eta gainerako 400 aleak proiektua finantzatu duten lagunentzat dira.

Helburu nagusietako bat da, egilearen hitzetan, haurrek bizitzan irrrikatzen duten horren inguruko kritika egitea: umeen ametsek ere badakite, jakin gabe, politikaren eta desoreka bidegabeen berri. Alde horretatik, liburuak erakusten du nola herrialde txiroagoetakoek oinarrizko beharrizanei estuago lotuta dituzten ametsak; herrialde aberastuetakoei, oro har, axaleko gauzetara joaten zaie gogoa. Hala, Burkina Fasoko Gomaneren ametsa da ikustea nondik datozen zuriak (hilean behin arropa eramaten duten GKEko boluntarioak); beste muturrean Holandako Ties dugu, pokemonik onenak ehizatu ahal izatea du amets. Era berean, Togoko Alik gurasoak izatea du desiorik behinena, eta Maliko Fatoumatak orrazi bat edukitzea; beste aldean Estatu Batuetako Kyliah dugu, 16 urte betetzean auto handi bat erostea baitu amets.

Adriáren ametsaren oihartzuna ailegatu da Euskal Herrira. Ederra litzateke –balia ditzadan lerro hauek horretarako– hezkuntza proiektu honek euskal adar bat izatea nolabait, eta beraz, katalanez argitaratu berri den liburua euskaraz ere egotea, EHko eskoletara helarazi ahal izateko. Què us sembla? Somien?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago