Garaiaren –eta norberaren– zauriak

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2021ko abe. 9a, 12:06

'Mandamentu hipermodernoak'

"Garai honek uneoro gehiago ematea eta gehiago egitea eskatzen digu; neurrigabeko eskaera hori adierazten du hiper aurrizkiak liburuan"

Gure garaiko seme-alabak gara gure gurasoenak baino gehiago. Segur aski behin baino gehiagotan entzun edota irakurri dugu arestiko esaldia, bizi dugun denbora historikoak arrasto sakona uzten duelako gugan eta, beraz, unean uneko garaiak "hezi" egiten gaituelako. Zaila da, nolanahi ere, norberaren garaia argi identifikatzea, eta sarritan gutako bakoitzak dituen zirkunstantziak zein arazoak partikularrak direla pentsatzeko tentaldia handia izaten da. Handiegia, akaso, mendebalean indibidualismoak jota gauden aspaldi honetan.

Indibidualismoa, haren itxura eta garro guztiekin, gure garaiaren zauri nabarmentzat jo dezakegu; aitzitik, ez da hezten gaituen zauri bakarra. Zerrenda landu oso bat dakar Iñigo Martinez Peñak Mandamentu hipermodernoak. Egungo inertziak zalantzan jartzen liburu gomendagarrian; zehazki esateko, gaurko hemeretzi agindu aletzen ditu filosofia irakasleak, eta lista osatu gabe dagoela esanez miaketan jarraitzeko edota liburura ekarritakoa eztabaidatzeko gonbidapena luzatzen du.

Zauri partekatu –sistemiko, politiko– gehienen identifikazioa bikaina iruditu zait, eta haien inguruko galderak zein gogoetak ziztagarri suertatzen dira. Gehiegikeriaren logika produktiboa bizitzaren arlo guztietara zabaldua dela iritzita, hipermodernitateaz dihardu pentsalari gasteiztarrak, Lipovetskyri segika, gure gizartea ulertzeko sintesi modura. Izan ere, garai honek uneoro gehiago ematea eta gehiago egitea eskatzen digu; neurrigabeko eskaera hori adierazten du hiper aurrizkiak liburuan: hiperaktibitatea, hipersexualitatea, hiperefikazia, hipermedikalizazioa, hiperinfantilizazioa, hiperzoriontasuna, hiperinnobazioa, hiperindibidualismoa…

Gure denborako seme-alabak garen neurrian, norberaren zauriek garaiaren zauriekin lotu-lotuak dirudite. Agian horregatik hasten da liburua zauri pertsonal batekin: "Nik ez nion apenas kasurik egiten [aitari], Gasteizera bueltatu nahi baino ez nuen nahi, lagunekin batera Kutxitik ibiltzeko. Hil zenean, ordea, kontatu nahi zizkidan aspaldiko kontakizun haiek adi-adi entzuteko gogoa etorri zitzaidan. Beranduegi."

Egilearen tonu zintzoa tarteko, ez dadila sobera berandu izan garaiaren –eta norberaren– zauri nagusiak identifikatzeko. Sendatzen hasteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago